Fito RODRIGUEZ
Idazlea
KOLABORAZIOA

Frankfurteko saltxitxak

Duela urte asko, Grenobleko Unibertsitatean nengoela, Frankfurteko alemaniar bat ezagutu nuen, frantsesa ikasten ari zena, eta, hurbilketa xelebre gisa, haren herriko saltxitxei buruz galdetu nion. Berak, ordea, ez zuen ez galdera ezta haren balizko grazia zalantzagarria ulertu ere egin. Izan ere, Frankfurten ez dituzte Frankfurteko saltxitxak ezagutzen! Izendapen hori, Frankfurteko saltxitxena alegia, Alemaniatik modu industrialean ekoitzita datozen eta harategikoak ez diren saltxitxak izendatzeko esamolde espainiarra baino ez da.

Ildo beretik, Espainiak Frankfurteko liburu azokan bere burua herrialde ireki eta kulturaniztun gisa aurkezten duenean, Frankfurteko saltxitxak saldu nahi dizkigula ematen du. Izan ere, gazteleraren hizkuntz nagusitasunari eusten dion estatu zentralista bat izanik Espainia eta gaztelerazkoa ez den kultura ororekiko ezartzen duen baztertze-praktika ikusita, hori guztia irusako bihurtzen da.

Iruzur horren aurrean sortu da “Beyond Spain” izeneko ekimena (gurean “Espainiaz haratago” edo, hobeto, “Espainiaren erakustalditik at”). Azoka urriaren 19tik 23ra egingo da eta liburu aurkezpenak, hitzaldiak, solasaldiak eta «irakurraldiak antolatuko dira espainiar Estatuan gutxiagotze bidean gauden hiru nazioetako kultur eragileak erakutsiz». Izan ere, Estatu espainiarra osatzen eta hari existentzia ematen dion errealitate eleaniztun «asimetrikoa» per se izaten da; are, hizkuntza gutxituen urritasuna modu gardenean erreproduzitzeko diseinaturik dago, zoritxarrez, Europa eleaniztuna osatzen duten estatu gehienetan gertatzen den antzera. Horregatik, beraz, galegoa, euskara eta katalana ez dira «asmakizunak», beren lurralde eta gizarteetan ehunka urtez normalak izan diren hizkuntzak baizik. Gure hizkuntzen oraingo normalizaziorik eza, beraz, eta, halaber, erabilera publikoen galera, ez da modu «naturalean» gertatu, baizik eta Estatuko ofiziala izendatu zen gaztelaniak hizkuntza haien giza erabileraren espazioa inbaditu zuelako, aldez aurreko kontsultarik edo akordiorik gabe.

Espainiako Konstituzioaren 3. artikuluak bermatzen du Estatuko biztanle guztientzako hizkuntza bakarra, herritar guztiei gaztelania jakiteko betebeharra ezarriz. Hori guztia Galiziako herritarrentzat, Euskal Herrian eta Katalunian inposizioa da, berez, ez baitago inon gaztelaniaz gaitasun onik ez duen pertsonarik, «hura lehen hizkuntza izan ala ez». Tokian tokiko hizkuntza, bada, bigarren hizkuntza gisa jotzen da eta, askotan, haren erabilera «inposaketa» kontzeptuaz desestimatzen da modu negatiboan kalifikatuz gure hiztunak.

Galegoa, euskara eta katalana hizkuntza ofizialak ere badira beren zenbait lurraldetan, hau da, Estatu espainiarreko biztanleen %40 inguruk gaztelera ez den berezko hizkuntzak dituzte. Hizkuntzok onarturik daude bakoitza bere eremu kulturaren ibilbiderako, adierazkortasuna bideratzeko eta komunikazio-tresna gisa. Beraz, harremanetarako tresna «demokratikoak» dira langile artekoan, baita gizartearen sostengurako erabilgarriak bezain beharrezkoak direlako ere.

Hizkuntza propioa publikoki erabiltzeko eskubidea munduko lege demokratiko guztietan zein erakunde publikoetan onartua dago. Europan, Hizkuntzen Europako Gutuna gogoratu behar da, zeinen arabera Espainiako Estatuak onartu eta berretsia duen eskualdeko edo hizkuntza gutxiengoen erabilera. Halaber, Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala Madrilgo Diputatuen Kongresuak aho batez onartu zuen, errealitatean eskubideon praktika egunero borrokatu beharra badago ere, azken egunotan Espainiako Legebiltzarrean galegoa, euskara eta katalana erabiltzeko onartutako debekua lekuko.

Espainiar Estatuko errealitate eleaniztunaren ikuspegi ezeztatzaileak etapa frankistarekin antzekotasuna du: “Estatu bat, hizkuntza bat”, eta, ondorioz, hizkuntza aniztasuna dela-eta, lehen eta bigarren mailako herritarrak bereizteko planteamenduak indartzen ditu. Eleaniztunaren gaitasuna, baita hizkuntza ofizial bakarra duten autonomia-erkidegoetan jaiotako herritar espainiarrentzat ere, beti izango da mundua irekitzen duen giltza, gizakien arteko berdintasun-harremana interpretatuz bestearekiko errespetuaren mugak irekitzen dituena, lehen hizkuntza edozein dela ere.

Beraz, idazle galiziar, euskaldun eta katalanok badugu, eduki, bakoitzaren hizkuntzetan idazten jarraitzeko eskubidea. Are, gure hizkuntzen amaitu gabeko normalizazio prozesuan laguntzeko borondatea ere badugu, gure eskubide demokratiko eta baketsua baliatuz. Horregatik, “Beyond Spain” izeneko ekimenean deitoratuko dugu Espainiako iruzurra eta, halaber, gure hizkuntzen gaineko bazterketa saiakerak ere salatuko ditugu. Ez ditugu Frankfurteko saltxitxak nahi, hau da, ez dugu existitzen ez dena (espainiar balizko kultur aniztasuna) erosiko, ezta espainiar esamoldeen arabera gurea dena erakutsiko ere.