Iraide IBARRONDO
BILBO

Ikasleen pribatutasuna «kolokan» jartzea leporatu diote EHUri

LAB sindikatuak eta Ernai gazte erakundeak performance bateratua egin zuten atzo, Bilboko EHUren Bizkaia Aretoaren aurrean, unibertsitateak bere 35.000 ikasleen posta elektronikoak Microsoft Office 365era migratzeko hartutako erabakia gaitzesteko. Azaldu zutenez, Microsoft Officerako saltoak «zerbitzua pribatizatu» eta «ikasleen pribatutasuna kolokan» jarriko du.

Ernaiko kide Arrate Amorineren esanetan, «duela gutxi jakin dugu 2022-23 ikasturtean ikasle guztiek Officeko kontua derrigor izateko azken moldaketa teknikoak egiten ari direla, aldaketa uztailaren 18an irekiko den matrikulazio-kanpainan bertan automatikoki gauzatzeko». LABeko Iñaki Etaiok nabarmendu zuenez, posta elektronikoak Microsoftera lekualdatuz gero, ez dakite «etorkizunean datu horiek non buka dezaketen». Ohartarazi zuenez, ikasleen ostean, hurrengo pausoa langileen posta eta mezu elektronikoak Microsoften kanpoko zerbitzarietara lekualdatzea izango litzateke eta, beraz, «ikerketa proiektuetako informazioa» transnazionalaren esku geldituko litzateke.

Eztabaida gabe.

Etaiok kritikatu zuenez erabakia «eztabaida gabe» hartu dute, «EHUko komunitatearekin kontatu gabe, ezkutuan. Ez dute informaziorik eman: ezarritako erabakia da».

Horiek horrela, Etaiok EHUko arduradunak interpelatu zituen: «Erabakia atzera bota eta EHUko komunitatearekin eztabaida prozesu bat ireki behar da etorkizuneko erronken eta digitalizazioaren aurrean hartu beharreko pausoak denon artean eztabaidatu eta adosteko».