GARA
GASTEIZ

Mercedeseko langileek ekoizpena eten dute gaurko grebaren atarian

ELA, LAB eta ESK sindikatuek deituta egun osoko lanuztea egin zuten atzo Gasteizko Mercedes-Benz lantegian. Gaur, berriz, langile batzordea osatzen duten sindikatu guztiek deituta, UGT eta CCOO barne, greba bateratua egingo dute Mercedesen.

Atzoko lanuztea deitu zuten ELA, LAB eta ESK sindikatuek azaldu dutenez, %95eko jarraipena izan zuen deialdiak 5.000 behargin inguru dituen Mercedesen Gasteizko lantegian. Hitzarmen kolektiboan hobekuntzak lortzeko borrokaren barruan kokatzen da atzoko lanuztea, langile batzordea osatzen duten sindikatu guztiek gaurko elkarrekin deitutako grebaren aurreko keinu gisa.

Atzo, muntaketa lineetako langileen %95ek egin zuten bat lanuztearekin eta, hortaz, lantegian ez zen autorik ekoitzi. Zuzendaritzak berak ere lanuztearen «jarraipen masiboa» onartu zuen, eta ekoizpena bertan behera geratu zela aitortu zuen.

Joan den asteko asteazkenean ere lanuztea izan zen Mercedesen, azken hogei urteotako aurrenekoa, eta, ondorioz, produkzioa eten zen. Egun horretan bi lanuzte deialdi izan ziren, bata ELAk, LABek eta ESK-k egina, eta bestea UGTk eta CCOOk. Egun horretan sindikatuek jarraipena %95ekoa izan zela adierazi zuten, eta zuzendaritzak, berriz, %75ekoa. Gaurko greba deialdia bateratua da.

Atzoko protesta egunaren lehen orduetan piketeak izan ziren lantegiko ate nagusietan, eta Ertzaintzaren presentzia nabarmena izan zen. Goizean langileek batzarra izan zuten eta arratsaldean, azkenik, manifestazio batek Gasteizko kale nagusiak zeharkatu zituen.