GARA
TEHERAN

Gora egin dute hildakoek Iranen, Mahsa Amini gazte kurduaren hilketak eragindako protestetan

Errepresioak ez ditu kikildu Mahsa Amini gazte kurduaren hilketaren aurkako protestak. Kurdistanen bakarrik hamaika dira jada hildakoak, Hengaw Giza Eskubideen aldeko erakundeak jakinarazi zuenez. Horiei beste hiri batzuetan hildakoak gehitu behar zaizkie. ‘Moralaren Poliziak’ gaztea atxilotu zuen zapia gaizki eramateagatik.

Hildako bi Divandare herrikoak dira, beste lau Piranshahrm, Saqqez, Dehgolan eta Qasr-e Shirin herrietakoak, eta beste lau Urmia hirian hil dituzte Irango indar armatuek.

Gobernuz Kanpoko Erakundeak ziurtatu zuenez, zauritutakoak 400dik gora dira. 500 pertsona atxilotu dituzte. Eta zauritu asko ez dira ospitalera gerturatu, atxilotuko dituztelakoan.

Protesten epizentroa Irango ipar-mendebaldean dagoen Ekialdeko Kurdistan da, baina manifestazioak herrialde osora hedatu dira; Teheran hiriburua barne.

Jendea kalera atera da 50tik gora hiri eta herrietan, gasolina garestitzeak 2019an eragindako protesten ondoren handienetan. Orduan ehundik gora hildako onartu zituen Errepublika Islamikoak, baina bertako iturriek ehunka izan zirela salatu zuten.

Gobernu islamiarrak hamaika hildako onartu ditu, baina horien artean lau polizia direla dio: bat Mashad hirian, bestea Qazvinen, hirugarrena Chirazen eta azkena, Tabrizen.

Hildako zibilak zazpi izan direla gaineratu zuen Teheranek: haietako bi Kermanshah hirian eta beste bat, Qazvinen. Hilketa horietan inolako erantzukizunik ez duela ziurtatu du.

«Moralaren Polizia» eta Basij miliziak

23 urteko Mahsa Amini gazte kurduarra irailaren 13an atxilotu zuen «Moralaren Poliziak» Teheranen zapia ondo ez janzteagatik. Polizia-etxean zegoela konortea galdu zuen eta koman geratu zen. Ospitalera eraman zuten eta bi egun geroago hil egin zen. Torturak eta tratu txarrak pairatu zituela salatu dute lekukoek.

«Moralaren Poliziak» Basij milizia paramilitarraren laguntza izaten du emakumearen aurkako eraso horietan: batez ere, unibertsitateetan.