Asier AIESTARAN
PILOTA

Agur tristea Peña-Mariezkurrenarentzat, nahiz eta Laso-Imaz finalean sartu

Aurrelari gipuzkoarrak eta atzelari nafarrak pilota mordoa galdu zuten -15 bien artean-, eta ez ziren gai izan piloteoan erakutsitako nagusitasunari zukua ateratzeko. Bigarren finalista Aspeko bikoteen artean erabakiko da datorren igandean.

Lau protagonistak, pilotari begira.
Lau protagonistak, pilotari begira. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Jon Ander Peña eta Jon Mariezkurrena Binakako Txapelketatik kanpo gelditu ziren Eibarren Altuna III.a-Tolosaren aurka 22-15 galdu ondoren. Baikokoek partida tamalgarria jokatu zuten, pilota mordoa galduz -15 bien artean-, eta ez ziren gai izan piloteoan erakutsitako nagusitasun erabatekoari zukua ateratzeko. Emaitza horrekin, Laso-Ander Imaz enpresakideak finalean dira jardunaldi baten faltan, eta bigarren txartela Aspeko bikoteen artean erabakiko da datorren igandean, kale edo bale, Bilboko Bizkaia pilotalekuan.

Gaizki hasi, gaizki buka. Horixe izan liteke Astelenan gertatutakoaren laburpena Peña eta Mariezkurrenarentzat. Izan ere, Altuna eta Tolosa 4-0 aurreratu ziren markagailuan aurkariek istant batean galdutako lau pilotari esker, bina bakoitzak. Opari handia bezain ulertezina aurkarientzat, batez ere kontuan izanda piloteoan urdinak askoz gehiago zirela.

Horren adibide argiena: nahikoa izan zutela odoljario hori apur bat moztea markagailua irauli eta 6-7 aurreratzeko. Mariezkurrena jaun eta jabe zen kolpez, eta hasiera horretan bertan bi tanto sartu zizkion Xabi Tolosari atzean -baita beste ikusgarri bat aurrean Altunari ere, zabalean dejada polita eginez-.

Baina hurrengo tantoak berriz erakutsi zuen urdinak tanto berean zerua ukitu eta infernuan hondoratzeko gai direla. Ikustekoak izan ziren benetan 7-7ko horretan Berriozarreko atzelariak eraman zituen pilotak, baina azkenean bera izan zen sotamanoa goiko koltxoira bidali eta gorrien 8-0ko partzial bati hasiera eman ziona.

Aurkarien pilota biziagoarekin jarri ezinik-edo, Baikokoen hutsak bata bestearen atzetik iritsi ziren, 6-7tik 14-7ra igaroz, eta ordurako jada 11 pilota zituzten galduak Peña eta Mariezkurrenaren artean; 6 aurrelariak eta 5 atzelariak.

BIGARREN AUKERA BAT

Neurketa oso zail jarri zitzaien arren, aurkariak dezente estutu zituzten bigarren erdian. Peña askoz gutxiago sartu zen jokoan, errematerako aukerak askoz hobeto aukeratuz, eta zuzenago jokatze horretan partidak kolore urdina hartu zuen berriz. Altunak txapara bidalitako pilota batek 17-14 estutu zuen markagailua eta urduritasuna zabaldu Eibarren bildu ziren “altunazale” eta “tolosazale” ugarien artean.

Baina orduan iritsi zen gorrien alde erori zen beste tanto erabakigarri bat, 18-14koa. Tolosari atzeko zulotik defentsan aritzea tokatu zitzaion behin eta berriz, anoetarrak bikain gainditu zuen erronka, eta Altunak aukera izan zuenean atzean egin zuen tantoa sotamanoz. Aurkariak bi tantora gerturatzeko arriskutik atsedenera lauko abantailarekin joatera igaro ziren. Eta aldageletatik bueltan, urdinek amore eman zutela esan daiteke, eta Jokin Altunak ongi asmatu zuela norgehiagoka ixten.

«Oso haserre», agertu zen partidaren amaieran Jon Mariezkurrena, irabazteko aukera paregabe bati ihes egiten utzi ziotela jakitun. «Tanto guztietan berdina errepikatu da. Guk agintzen genuen, beraiek defentsan ibiltzen ziren, baina gure huts batekin amaitzen zen tantoa», onartu zuen atzelari nafarrak hitz egiteko gogo handirik gabe.

Altuna eta Tolosa, aldiz, oso pozik agertu ziren, azken jardunaldira bizirik iritsiko direlako. «Lan asko egitea tokatu zaigu. Egia da tanto gutxi egin ditugula, baina hemen dena ez da izaten tantoak amaitzea; aurretik lan asko egin behar da, ezkutuko lan asko, pilota asko arrimatu, eta horretan asmatu dugu», aldarrikatu zuen aurrelari amezketarrak.