Arnaitz GORRITI
ACB LIGA - EUSKAL DERBIA

Bilbao Basketi al dagokio Baskoniaren Euroligako porrota ordaintzea?

Euroligako hurrengo hiru partidak etxean jokatu beharko ditu talde gasteiztarrak, hutsik egiteko tarterik gabe. Baina aurrez Bilbao Basketen aurkako euskal derbia ezin du oharkabean utzi, nahiz eta bizkaitarrek Zurbaon behin bakarrik irabazi duten.

Xavi Rabaseda eta Maik Kotsar, nor baino nor, aurreneko itzulian Miribillan jokatu zen euskal derbian.
Xavi Rabaseda eta Maik Kotsar, nor baino nor, aurreneko itzulian Miribillan jokatu zen euskal derbian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

«Baskoniaren aurka lehiakorrak izango bagara, neurketaren tonu egokia aurkitu behar dugu», azaldu du asteon Jaume Ponsarnauk. «Lanaren bitartez taldeko rolak eta jokoaren tonua aurkitzen baditugu, nornahiri irabaz diezaiokegu, baita Baskoniari ere. Osterantzean, ahulak gara oso», gaineratu zuen Tarregako entrenatzaileak ostiraleroko bere prentsaurrekoan.

Zer esan nahi ote zuen horrekin entrenatzaile katalanak? «Oktaba» bat gorago jarri beharko duela bere jarreran Saski Baskoniari aurre egiteko? Ez dirudi, inondik ere, Surne Bilbao Basketek irabazteko aukera handirik duenik Buesa Arenara bisita egiten duen aldiro; egia esan, bilbotarrek birritan bakarrik irabazi dute Gasteizen; behin bakarrik ACB Ligan, 2007/08 denboraldian, artean Txus Vidorreta zela aulkian eta Marcelinho Huertas, Fred Weis edo Marko Banic zirela bizkaitarren izarrak -bestea 2011/12ko Euroligan izan zen, Iradier Arenan-.

ZENBAKI GUPIDAGABEAK

ACB Ligan 18 bider jokatu dute gasteiztarrek eta bilbotarrek elkarren kontra Zurbaon -Fase Erregularreko 16 neurketa eta play-offetako bi- eta batez beste 14,67 puntuko aldeaz irabazi dute etxekoek. 30 puntu edo gehiagoko aldeaz hiru neurketa amaitu dira -2016ko 108-62 hura gogoan-, eta bost puntu edo gutxiagogatik, berriz, bost, tartean Bilbao Basketek 78-80 irabazi zuen hura eta 2008/09 zein 2011/12 denboraldietako play-offetako partidak.

Nolanahi den, azken urteetan Saski Baskoniak nahiko erraz eraman ditu Zurbaoko derbiak. Emaitza 10 puntuz azpikoa izan zen azken partida 2013/14 denboraldikoa izan zen: Rafa Pueyok zuzentzen zuen Bilbao Basket; sekulako diru arazoekin izan arren, eta aste osoa entrenatu gabe eman ostean, inork uste baino gogorrago jokatzeko gai izan zen eta 76-70 nagusitu ziren gasteiztarrak.

Edonork esango luke Surne Bilbao Basketek ez duela zereginik. Hamaikagarren postuan daude Jaume Ponsarnaurenak 10-13 balantzearekin, zortzigarren dagoen Valentzia Basketek baino hiru garaipen gutxiagorekin eta azken-aurreko postuan den Betisek baino bost garaipen gehiagorekin.

Ez hotz, ez bero, Bilbao Basketentzat euskal derbi hau «dentistari bisita» egitea lakoa dela pentsatuko du hainbatek, ez daukalako irabazteko egiazko aukerarik, are gutxiago Baskoniak ACB Ligan aurten Lenovo Teneriferen aurka bakarrik galdu duela aintzat hartuz gero. Baina era berean, «biktima» rola hain garbia izanda bilbotarrentzat, eta Saski Baskoniak datorren astean Alba Berlin eta Fenerbahçeren aurkako partidak gogoan izango dituela aintzat hartuta, zer dauka, ba, Bilbao Basketek galtzekorik?

ERRAZKERIATIK IHES

«Hamalau minutu onak egin ditugu, baina gero Izar Gorriak kantxatik atera gaitu. Gure erruei esker sartu dira partidan eta ez gara kapaz izan berriz ere gure erritmoa topatzeko. Partida amaitu berritan gehiago esateak ez du merezi, baina gure burua ezin dugu Euroligara begira eduki, datorren asteko partidekin. Euskal derbi garrantzitsu bat dugu igandean eta horri heldu behar diogu».

Ez zegoen, ez, berriketarako Joan Peñarroya ostegunean Belgraden galdu eta gero. Baina Saski Baskoniako zale askok ez bezala, Terrassako entrenatzaileak ezin die oraindik datorren astean Alba Berlinen eta Fenerbahçeren aurka Zurbaon jokatu beharreko norgehiagokei begiratu, Bilbao Basketen aurkako euskal derbiari baino.

«Sutan jartzean probatutzen da / nolakua dan eltzia», kantatu zuen Txirritak; eta eltzea sutan inoiz baldin badauka Saski Baskoniak, oraintxe dauka ba! Kopa irabazteko aukera kareletik joan zen, Joventuten aurka final-laurdenak ezin pasatuta. Euroligan aurreneko postuan igaro zen 2022tik 2023ra, baina jardunaldiek aurrera egin ahala, Top 8an eusteko gorriak ikusten ari da talde gasteiztarra, eta orain badaki Euroligako hurrengo hiru partidak, etxean jokatu beharrekoak, nahitaez irabazi behar dituela.

Baina bitartean euskal derbia ezin da ahaztu. Bilbao Basket ez da erraldoia, baina ezta ere zaplazteko bat emanda hiltzen den eulia ere. Valentzia Basketi edo Joventuti Badalonan irabaztea zer den badaki. Presiorik gabe jokatuko du, gainera. Saski Baskonia da faborito, baina Euroligara begira arinegi joaten utziz gero, agian disgusturen bat izango du Peñarroyaren taldeak. «Kaunas Planak» itxaron dezake.