GARA
DONOSTIA

Elkartasun keinuak eta lagunarteko festa iragarri ditu Muguruzak Anoetarako

Hilabete geratzen da Fermin Muguruzak Anoetan emango duen kontzerturako. Atzo ordutegiak ezagutzera eman zituzten NAIZen zabaldutako bideo baten bidez. Aurreratu zuten egunean zehar Oihana Barrena aizkolaria eta Smabou Diaby aktorea aurkezle lanetan arituko direla.

Miribillan 16.000 lagun bildu zituen Fermin Muguruzak, bi gau gogoangarritan.
Miribillan 16.000 lagun bildu zituen Fermin Muguruzak, bi gau gogoangarritan. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Gero eta gutxiago geratzen da Fermin Muguruzak Donostiako Anoeta estadioan eskainiko duen kontzerturako, hilabete eskas (ekainak 14), eta motorrak berotzen hasteko garaia heldu da. Musikari irundarrak bideo baten bidez zabaldu ditu egun horretan izango diren gainontzeko kontzertuen ordutegi zehatzak.

Arratsaldeko 17.00etan ateak zabalduko dituzte, eta lehenengo minututik festa abiatuko da Selektah Stepi (Bad Sound System) DJ-arekin. Muguruza bezalatsu, Irungo Mosku auzotik iritsiko den artistak izango du giroa berotzen hasteko ardura, reggae, dancehall eta erritmo eta selekzio bereziekin.

Hori hasiera baino ez da izango. Niña Coyote eta Chico Tornado bikote donostiarraren txanda izango da 18.00etan. Mundu osoan barrena bidaiatu dute Ursula Strong eta Koldo Soretek, eta oraingoan basamortuko musika pisutsu eta distortsionatuak Anoetako belardia altxaraziko du, Kaliforniako Palm Desert balitz bezala.

Ordubete geroago, Palestina aldera joko dute Anoetara bertaratzen diren zaleek. DAM taldeak, hip-hopa eta erresistentzia uztartzen dituzten letrekin, herri zapalduen borrokari ahotsa jarriko dio. DAMen presentziak Muguruzaren ikuspegi internazionalistarekin bat egiten du, eta Euskal Herriko publikoari mezu argia helaraziko dio. DAM eta Muguruzaren arteko harremana ‘‘Checkpoint Rock’’ dokumentalaren grabaketatik dator, eta gaur egun ere indarrean jarraitzen du.

ARGAZKI ERRALDOIA

DAMek ozen aldarrikatuko du Palestina jasaten ari den genozidioaren aurrean nazioarteko elkartasuna. Publikoak ere izango du elkartasun hori adierazteko aukera, eta hori momentu ikusgarri batean gauzatuko da. Izan ere, Anoetako zelaian milaka bandera palestinar banatuko ditu antolakuntzak, eta 18.50ean, DAMen kontzertua hasi aurretik, 30.000 pertsonen argazkia aterako da Anoetan drone baten bidez.

Horren ondoren, 20.00etan, Arrasateko Des Kontrol talde beteranoa izango da taula gainean, euskal punkaren belaunaldi berriaren ikurretako bat. Belaunaldi hori ulertzeko ezinbestekoak izan dira azken 25 urteetan, eta hainbatetan aritu dira Muguruzarekin batera oholtza gainean. Azkena, esaterako, Martuteneko espetxean emandako kontzertuan.

21:00ETAN HITZORDU NAGUSIA

Iazko Bilboko kontzertuetan 16.000 lagun bilduta, Bartzelonako Palau Sant Jordin 15.000, Madrilgo Movistar Arenan beste hainbeste, Santiago de Compostelan 5.000 zaleen aurrean arituta, eta Paris, Bordele, Tolosa, Marseilla, Zurich, Londres, Dublin, Santiago de Chile, Buenos Aires, Montevideo, Bogota, Mexico Hiria eta Erromako aretoak bete ostean, 40. urtemuga ospatzeko egiten ari den biraren gailurra izango den Fermin Muguruzaren emanaldi nagusia 21.00ak aldera hasiko da. Artista irundarra bi ordu eta erdi luzez arituko da agertoki gainean, bere ibilbidearen garai guztietako abestiak interpretatzen.

Anoetako eszenatoki gainean izango diren hamar musikariez gain, Muguruzak errepertorioan kolaboratzaile batzuk izango ditu alboan, horien artean, Negu Gorriak taldeko partaide zirenak: Mikel Txopeitia, Mikel Kazalis eta Kaki Arkarazo.

40 URTE OHOLTZAN

Fermin Muguruzak iaz iragarri zuen musika ibilbidean daramatzan lau hamarkadak ospatzeko mundu mailako bira bati ekingo ziola. Bira horretan bere 40 urte horietan sortutako errepertorioa errepasatzen ari da musikari eta zinema zuzendari irundarra, Kortatu eta Negu Gorriak talde mitikoen abestietatik hasi eta bakarkako ibilbideak eman duen arte.

Bira iragarri zuenean, Muguruzak berak azaldu zuen 40. urteurrena «une berezian» iritsi zitzaiola, eskuin mediatiko eta judizial espainolaren aldetik erasoak jasaten ari zen momentuan hain zuzen ere. Alde horretatik, ekitaldi hauek kontzertu soilak baino gehiago izango zirela ziurtatu zuen, «musika adierazteko eta gizartea aldatzeko tresna gisa erabiltzeko balioko baitute».

«Musikaren independentziaren, autogestioaren eta adierazpen askatasunaren garaipena izango da 40 urteko ibilbide hau agertoki baten gainean ospatu ahal izatea, oso kolpatua dagoen belaunaldi batekoa naizela jakinda. Kontzertu hauek guztientzat bereziak izatea espero dut, musika, dantza eta erreibindikazioaren bidez; oroimen kolektiborako ariketa bat, bizitzaren ospakizun bat eta faxismoaren arbuioa, besarkaden zeremonia bat», adierazi zuen Muguruzak. Anoetako ekitaldiak biribilduko du musikari irundarraren helburua.