«Musikaren harrobiak» piztu du festa Tolosan
Pintxana txarangatik pasatu dira Tolosan sortutako ia musikari guztiak, talde herrikoia eta irekia delako. Urte askotan egindako lana eskertzeko, Kabi-Alai Kuttun izendatu dute aurten, eta Tolosako inauterietako txupinazoa botatzeko ardura izan du. Aurrez, Euskal Herriko jaien lehiaketa bat egin zuten, eta irabazlea imajinatu dezakezue nor izan zen...

Goizeko 11.00etan atera zen udaletxetik txistulari talde txiki bat, Tolosako kaleak alaitzen hasteko, ordubete beranduago egingo zuten txupinazo handirako prest. Normalean ordu horretarako plaza hutsik egoten da, baina atzo hasia zen jendea gerturatzen. Sentsazioa zen geroz eta lehenago hasten duela jendeak festa, eta geroz eta jende gehiago joaten dela Tolosako inauterien hasiera bertatik bertara bizitzera. Andu Martinez de Rituerto alkateak hala dela berretsi zigun: «Pasa den larunbatean, kaldereroetan, Plaza Zaharra gainezka zegoen. Eta ez zen txupinazorik egon, pregoia besterik ez, inauterien aurrekaria. Eta bart ere ikaragarrizko jendetza bildu zen, azken urteetan ohitura sortu baita txupinazo alternatiboa egiteko. Beraz, gaurkoa hirugarren hasiera bat bezalakoa da. Ez gara bilbotarrak baina...». Baina… bazuten Marijaia! Eta Zeledon, baita San Fermin santua ere.
Urtero bezala, Kabi-Alai konpartsa da jaun eta jabe Tolosan Ostegun Gizenean. Benetako alkateari boterea kentzen dio inauterietako alkateak, Itxaso Urdanpilletak, eta Kabi-Alai Kuttuna izendatzen du. Aurten Pintxana txaranga izan da omendua.
Suziria jaurti aurretik «ondo merezitako omenaldia» jaso zuten Pintxanako kideek udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Izan ere, Martinez de Rituertok nabarmendu zuenez, Pintxanaren izaera «oso berezia» da. «Musikarien harrobia zarete, zuen izaera irekia azpimarratuko nuke, edozein hartzen duzue taldean, umeak, gazteak, adinekoak… horrek berezi egiten zaituzte eta horrek berezi egiten du Tolosa. Zorionak», adierazi zien.
Asier Markez Pintxana txarangako perkusioan aritzen da eta beste kide batzuekin batera udaletxeko osoko bilkuren aretoan izan zen. «Gure txarangak ez du distintziorik egiten inorekin, musika eskolatik atera eta musika ikasten duen edozeinek du Pintxanan ateratzeko aukera. Aurten 150 musikari edo gehiago aterako gara. Txaranga askotako musikariak Pintxanan hasi ziren. Ilusio handia dugu, hau bizitzan behin gertatzen zaizun zerbait da eta gogotsu hartu dugu», kontatu zigun.
Ekitaldian, Pintxanako kideak euren abestia kantatzen hasi ziren, «pintxanatarrak gu gera, pintxanatarrak beti...», eta osoko bilkuren aretoan zeuden guztiek jarraitu zieten. Ondoren, inauterietako alkate Itxasok argitu zuen Pintxanak jatorria harakin talde batean duela eta, horregatik, euren blusa harakinena dela. Era berean, saxofoia jotzen duen txarangako kide batek esan zuen «gu bagara Pintxana, baina Tolosa ere bada, tolosar askorentzat delako instrumentua jotzeko lehen aukera», eta gogoan izan zituen «gurekin ez daudenak».
Jarraian, Kabi-Alaikoek oroigarri bat eman zieten Pintxanakoei, baita pin bat ere; Pintxanakoek haientzat ere bazuten pin bat, oparia bueltan.
PARODIA ETA TXARANGA, INAUTERIEN MUINA
Ekitaldiaren ostean, plaza betetzen ari ziren guztien gogoak asetzeko ordua zen. «Berandu doaz», zioen batek ordulariari begira hamabiak pasata. Pregoia zetorren orduan. Itxasok jakitera eman zuen aurten Ostegun Gizeneko korporazioan inoiz baino emakume gehiago zeudela, eta txalo artean hartu zuen herriak albistea. Gero, Ainhoa “kultur zinegotziak” esan zuen Euskal Herriko festen artean lehiaketa bat egiten ari zirela, eta Tolosako inauteriak finalisten artean zirela Iruñeko sanferminekin, Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiekin eta Bilboko Aste Nagusiarekin batera. Donostiako ordezkari bat ere bazegoen, koloretako izozki erraldoi eta Kontxako baranda eta guzti, baina ez zuten balkoira igotzera gonbidatu, lehiaketako lehen fasean kanporatu zutelako. Kexak gora eta behera, udaltzaingoek plazatik atera behar izan zuten.
Finalistak aurkeztu ondoren, bozketa egin zuten plazako guztien artean eta, noski, Tolosako inauteriak izan ziren garaile. Ospatzeko, Pintxana txarangakoak suziria botatzera gonbidatu zituzten eta, orduan bai, eztanda egin zuen koloretako txilaben festak.
Normalean, Kabi-Alai Kuttunak txupinazoa bota ostean, Kabi-Alaiko Ostegun Gizenaren konpartsa haien txarangarekin ateratzen da udaletxetik, baina aurten omendua txaranga bat izanik, irteera puntuak trukatu zituzten eta Pintxanak izan zuen udaletxetik ateratzeko aukera, eta Kabi-Alaikoak Plaza Berritik abiatu ziren.
Sei egun hauetan hogei txarangatik gora ibiliko dira Tolosako kaleetan goiz, arratsalde eta gau kaleak alaitzen, aurten, berrikuntza batekin gainera: denbora errealean nondik nora dabiltzan jakiteko aplikazio bat sortu dute, hiru tolosarrek bultzatuta (txaranga.eus).
Horrez gain, Martinez de Rituertok gogoratu zuen egitarau zabala eta askotarikoa prestatu dutela, baina Tolosan edozein txokotan aurkitu daitezkeela herritarren parodiak edo antzerkitxoak. «Hori da inauteria; barrutik bizitzen den zerbait. Askotan esaten da mozorroak ez duela hainbeste garrantzirik, baizik eta zuk duzun jarrerak eta mozorroarekin sortzen duzun istorioak eta nola inplikatzen dituzun ingurukoak». Goza ditzagun, beraz, umorez bustitako festak.

«La decisión de restaurar en el trono a Reza Pahlevi es de Israel»

«Unea da kulturgintzan sortutako kontraesanei aterabide bat emateko»
Es sencillo: siempre queremos que gane nuestro equipo, y en todo caso un vasco

Oyarzabal vuelve a tumbar al Athletic de penalti y lleva a la Real a Sevilla
