Joxe Manuel Odriozola
Euskaltzale

Mintzaira

Orrialde hauetan agertutako artikuluan Victor Morenok egindako baieztapen batzuei erantzutera dator gaurkoan Odriozola. Irakasle nafarraren tesiekiko adostasunak eta desadostasunak aitortu arren, azken hauek eztabaidatzen ditu lerrootan. «Hizkuntza ez da hizkuntza soilik -dio egileak- hizkuntzak bere matrize sinbolikoari esker gizatasunaren gainerako elementuak ezaugarritzen ditu kultura-marko jakin baten baitan, eta zentzu horretan giza ezaugarriak ez dira alinguistikoak, hizkuntzatik at ondutakoak».

Mintzairaz zentzu zabalean hitz egiteko aukera gutxi izaten dugu gure artean. Aukera horietako bat baliatu nahi dut Victor Morenoren artikulu bat aitzakiatzat hartuta («Una epopeya inacabada», GARA, 2013-10-16). Gauza askotan bat nator berarekin, eta horregatik puntu horiek ez ditut aipatuko hemen. Beste batzuetan ez hainbeste, eta hauek izango ditut neure gogoeta egiteko lehengai. Nolanahi ere, aurkezpen hau ez dut amaitu nahi mintzairaz oro har eta euskaraz bereziki esaten duen pasarte hau azpimarratu gabe: «Crearla desde la nada y conservarla a través de los siglos, uno de los mayores logros del ser humano. Solo por esto, a quienes crearon y fundaron el euskara habría que levantarles en todas las ciudades y pueblos de Euskal Herria el más emocionante de los monolitos». Giza lorpenik handiena dela eta, ezin isildu barrenak eskatzen didana: Euskal Herriak munduari eta gizateriari ez dio bere jatorrizko hizkuntza bizirik mantendu izanaren pareko ekarpenik egingo inoiz.

Beraz, eztabaidagarriak iruditzen zaizkidan puntuak jorratzen hasiko naiz. Lehendabizikoa: «¿Es la lengua el factor fundamental de la identidad de un ser humano? No lo creo». Hizkuntzaz jarduterakoan gogoan hartu beharko genuke haren esanahi, balio eta konnotazioak ez direla berezkoak, aldian aldiko testuinguru historikoak ezaugarritzen dituela hizkuntzaren zentzu kulturala, ideologikoa, eta politikoa. Horregatik, giza identitatean hizkuntzak daukan eragina zertan den ezin dugu jakin harik eta delako hizkuntzaren marko kulturala zehaztu arte. Hizkuntza izan liteke giza identitatearen ezaugarri hegemonikoa Euskal Herriko testuinguru historiko jakin batean, garai batean erlijioa izan zen moduan. Giza identitate abstrakturik ez dago, gizatasuna historikoa da beti, eta haren gauzapena burutzerakoan hizkuntzak gainerako giza ezaugarriekin daukan hartu-emanen markoan ebazten da bakoitzaren eragin-indarra.

Ikuspegi filosofiko zabalago batean mintzatuta, eta, hortaz, faktore historikoen eraginaz haratago begiratuta, badago orobat arrazoirik hizkuntza giza identitatearen muinean kokatzeko. Gizatasunaren ezaugarriak, tasunak nahiz keriak, asko eta askotarikoak dira, baina zein da bereizgarri horiek guztiak ahalbideratzen dituen oinarrizko giza baldintza? Ez ote da hizkuntza izango? Nolabait esateko, hizkuntza ez ote da gizakia gizaki egiten duten gainerako gaitasunen matrize sinbolikoa? Ez ote dira hizkuntzaren matrize sinbolikoan gihartzen gizaki egiten gaituzten elementuak oro? Nik baietz esango nuke. Horregatik, gehiegitxo esatea da honako baieztapen hau egitea: «Sin olvidar que el pensamiento fue antes que la lengua».

Bigarren auzi bat: «La gente asocia vascuence con connotaciones imaginarias nada favorables para sus usuarios. No perciben que, actuando de ese modo, conceden a la lengua unos poderes cuasi milagrosos de transformación uniforme y homogéneo del individuo y de la sociedad. La lengua puede que nos otorgue esa identidad nacional que decimos, pero convengamos en que no todos la viven con el mismo entusiasmo, ni en la misma dirección». Aurreneko esaldia Victor Morenok beste paragrafo batean ondo asko kritikatzen dituen aurreiritzi linguistikoei loturik dago. Bigarrengotik aurrera idatzitakoak ñabardurak behar dituelakoan nago. Jendearen zentzu komuna askotan ez da izaten zentzu ona, baina oraingo honetan jendearen zentzu arrunt hori baliteke oso oker ez ibiltzea. Alegia, Nafarroan eta Euskadin espainiar hizkuntza hegemonikoan goxo bizi den hiztunak ondo asko daki zer-nolako garrantzia daukan hizkuntzak berarentzat, ezin baitu imajinatu ere egin espainieratik kanpo bizitzea. Uste osoa dauka, beraz, hizkuntza ez dela hizkuntza bakarrik, hizkuntzak kulturazko, nortasunezko, eta orotariko erreferentzia marko bat bermatzen diola. Azken batean, bere bizitzaren mundua zedarritzen dio espainierak nazio-identitate sozial eta kultural espainolaren altzoan bizi denari.

Bada beste kontu bat ere oraindik: Victor Morenoren ustez, nazio-identitatearen auzia ez dugu denok zentzu eta intentsitate maila berean bizi, eta horretan arrazoi du. Baina kontua ez da hori, kontua da espainiar nazionalista porrokatuak muturreraino ideologizatzen duen naziotasun horrek berak bermatzen diola espainiar herritar arruntari bere hizkuntza nazionalean goxo bizitzeko modua. Gaurko mundu nazionalizatuan ez baitago modurik bestela bizitzeko: zure hizkuntza bermatzen dizun estaturik gabe, jai daukazu. Unesco: bi astean behin hizkuntza bat hilobira doa. Bidenabar esateko: Eskoziako ereduak ez digu balio, Kataluniakoak, seguru asko, bai.

Hirugarren kontu bat: «Somos más que la lengua que hablamos. El amor a la propia lengua en cualquier modalidad, apasionada o equilibrada, no nos hace mejores o peores personas». Hizkuntza baino gehiago omen da gizakia. Bai, hori egia da, baina gehiago garen hori ez zen posible izango hizkuntzarik geureganatu ez bagenu. Horregatik azpimarratu dut hainbeste hizkuntz matrizearen funtzio sinbolikoa. Gainerakoan, gerta liteke hizkuntza minorizatu baten aldeko borroka gizarte nazional zuzen eta bidezkoago baten aldeko beste edozein askapen borroka bezain duina, etikoa eta ongarria izatea. Gizatasunean hobeak izatea menderatuen aldeko borrokarekin lotzen baldin badugu, zergatik ez gara bada hobeak izango justiziaren alde badihardugu? Esan nahi dut, halakorik egiten ez duenarekin alderatuta. Gainera, Victor Morenok berak ez al ditu txalotzen halako pertsona «hobeak» artikuluaren amaieran Nafarroako Erriberan euskararen alde egiten ari direnaz liluratuta?

Laugarren iruzkin-gaia: «¿En qué medida hablar y escribir una lengua determinada produce una visión e interpretación de la vida distinta a quienes hablan otra lengua? Lo ignoro. Pero sostenerlo de forma categórica, sería mucho decir y poco matizar. Porque no somos solamente lenguaje; también somos estómago». Gai irristakorra da hau, irristakorrik baldin bada. Asko idatzi da bere inguruan, baina aho bateko erantzunik ez dago oraingoz. Ni neu baiezkoan nago: alegia, hizkuntzak baduela zerikusirik gure mundu-ikuskeran edo guk mundua sentitu eta bizitzeko moduarekin. Baina ez garai batean onartzen zen hipotesi ezagun haren zentzuan: hots, hizkuntzaren barne-egitura bereziak modu berezian ikusarazten zion hiztunari ingurua eta mundua. Kosmobisioa.

Nire tesia nolabait formulatzekotan honelatsu egingo nuke: hizkuntza ez da hizkuntza soilik, hizkuntzak bere matrize sinbolikoari esker gizatasunaren gainerako elementuak ezaugarritzen ditu kultura-marko jakin baten baitan, eta zentzu horretan giza ezaugarriak ez dira alinguistikoak, hizkuntzatik at ondutakoak. Batez ere, jakina, hiztun elebakarren kulturetan gertatzen da hori, edota hizkuntza hegemonikoan soilik bizi direnen kulturetan. Wittgensteinen harako hartaz dihardugu: nire mintzairaren muga da nire munduaren muga. Euskaldunok ezin gara euskaraz bizi, eta horrexegatik galdu dugu euskararen araberakoak izateko nortasuna, bizi gaituen errealitate soziolinguistikoak ez duelako zerikusirik euskararekin.

Gizarte errealitaterik ez dago hizkuntzarik gabe, hizkuntzaz ere eraikitzen delako gizarte errealitatea, eta zentzu horretan errealitate soziala errealitate linguistikoa ere bada. Errealitateak bizi baldin bagaitu, bistan da hizkuntzazko errealitate sozial eta kulturalak gugan eragin zuzena duela ingurua eta mundua pentsatzerakoan eta irudikatzerakoan. Zer esanik ez, berriz, hizkuntza bera gizarte-errealitate horren baitako arazoaren parte bihurtzen baldin bada. Orduan hizkuntza nazio-gatazkaren osagai nagusi bihur daiteke eta, bere alde eta kontra daudenen pentsaera ez ezik, bizitza bera ere baldintza lezake, besteak beste, hizkuntza dela medio sortutako gatazkak.