12/11/2013

Joxemari Carrere
Ipuin kontalaria
Programatzen

Ipuin kontalaritza non ageri da kultur programazioen anabasa honetan? Zein irizpide erabiltzen dira kontaketa saioak antolatzeko orduan?

Ezaguna da programatzaile batzuen esana halako edo honako ikuskaria euren programazioan ez sartzeko: «Nire publikoarentzat ez da egokia». Bati edo besteri entzunik, garai batean konbentzituta nengoen legenda urbanoa-edo izango zela; programatzaile bati entzun nion arte. Publikoaren iritziaren bereganatze hori bitxia da, are gehiago publikoa, guztia, homogeneotasun estetiko batean sartuz, jakina delako publiko horri galdetu gabe. Gainera, infatilizatu ere egiten da «izaki» kultural hori, ez baitzaio onartzen berez aukeratzeko izan dezakeen autonomia, beste batek, programatzaileak alegia, askoz ere jantziagoa gai hauetan, zer ikusi edo zer ez ikusi erabakitzen duela. Halakoetan pentsatu izan dut non lor daitekeen publiko bat eta zenbat balioko duen, horrela erantzun ahal izateko, «lasai, nik nire publikoa ekarri dut». Onartu beharra dago baina, ez dela erraza kultur programazio txukun bat asmatzea.

Bestelako programazioak badaude, ordea, zaletasunez egiten direnak, esaterako, kultur taldeek egiten dituztenak, hauek ere gehien-gehienetan diru publikoaren laguntzaz. Jakina, horretan aritzen direnei, ezin eskatu beste profesionalei eskatu behar zaien ardura, gustuz eta ordu asko sartuta debalde aritzen baitira. Hala ere, jakin beharko genuke zein irizpide dituzten halako edo honako kultur ekitaldia antolatzeko orduan; nola izan bestela kultur eragile, kultur irizpideak eta, batez ere, kultur ekitaldien zale izan gabe. Eta askotan hauek ez daude hain garbi; izan ere, klixe estandar batzuk baino ez baitira erabiltzen.

Eta ipuin kontalaritza nola ageri da kultur programazioen anabasa honetan? Zein irizpide erabiltzen dira kontaketa saioak antolatzeko orduan? Programatzaileek ba ote dakite zer den kontalaritza? Joaten ote dira kontalariak ikustera? Programatzaileen publikoarentzat egokiak ote dira kontalariak? Egokiak ote programatzaileak kontalarientzat?