GARA BILBO

Rubin eta Corcolles protagonista Getxoko XII. Komiki Azokan

Getxoko Komiki Azoka azaroaren 22tik 24ra izango da aurten. Ohi bezala, hamarka saltoki gune martxan jartzeaz gain, egileen hitzaldiak, sinatze saioak eta erakusketak prestatuko dituzte. Aurten tarte berezia izango dute Raquel Corcolles blogariak eta David Rubin komikigileak.

Azaroaren 22tik 24ra ospatuko da Getxoko Komiki Azokaren hamabigarren edizioa. Bertan izango dira komiki eta liburu denda espezializatuak, aldizkariak, fanzineak, argitaletxeak eta komikigintzarekin zerikusia duten bestelako sektoreak. Guztira, 60 postu prestatuko dituzte. Hitzaldi eta erakusketek osatuko dute azokaren egitaraua.

Saltoki ugari egon arren, azoka ez da salmentarako gune bat bakarrik. Azkenaldiko nobedadeak bilduko dira bertan eta, gainera, horiek sortzen dituzten komikigileak aurrez aurre izateko aukera izango dute bertaratutakoek. Antolatzaileek atzo goizean Bilbon egindako aurkezpenean azokaren nondik norakoen berri eman zuten.

Guy Delisle kanadarra, «Shenzhen» eta «Pyongyang» nobela grafiko arrakastatsuen egilea, han izango da liburuak sinatzen. Honekin batera, Getxon izango ditugu, Eisner sariaren irabazle Bryan Talboly britainiarra, Alfonso Zapico asturiarra («Berlinés»), David Rubin galiziarra («El Héroe»), Raquel Córcoles blogari kataluniarra («Los capullos no regalan flores») eta Juan Luis Landa ilustratzaile gipuzkoarra (Toti Martinez de Lezearen «Leyendas de Euskal Herria» liburuaren marrazkigilea).

Guztien artean aipagarriak dira, denbora luzean egindako lanagatik, «Superlópez» pertsonaiaren sortzailea den Jan eta Luis Gasca dibulgatzaile donostiarra.

Askotariko erakusketak

Adituek hitzaldietan esandakoa barneratu eta postu txiki guztiak arakatu ostean, erakusketei denbora pixka bat eskaintzea merezi du. Izan ere, komikizaleentzat ezagunak izan ohi diren pertsonaien zein marrazkilarien ingurukoak izan ohi dira horiek. Aurten, karpa barruan lau erakusketa ikusi ahal izango ditu bisitariak: Alemaniako komikigileen belaunaldi berriaren gaineko «Comics, Manga & Co.»; David Rubinen azkenengo lana ardatz duen «Beowulf»; Raquel Corcolesek sortutako «Moderna de pueblo» pertsonaiaren umorezko bineta sorta; eta Ultrarradio taldeak argitaratutako lanak biltzen dituena.

Azokako esparrutik kanpo, berriz, Bizkaia zubian, «1512: In memoriam» Nafarroako konkistari buruzko ilustrazio bilduma aparta kokatuko dute. Torrene Aretoan, berriz, iazko Komiki eta Ilustrazio Lehiaketan saritutako lanen erakusketa prestatuko dute. Amaitzeko, Glass eta Jai-Alai kafetegietan Patxo Pelaez eta Sarima egileen bildumak izango dira ikusgai, hurrenez hurren.