Arantxa MANTEROLA

Estatu frantsesa «azken postuan» hizkuntz eskubideei dagokienez

EBLUL/ELENek txostena aurkeztu berri dio Unescori, Parisen egiten ari den 37. Konferentziaren baitan. Hizkuntza gutxituekiko politika linguistikorik ez izateagatik, Estatu frantsesa «desagertzeko zorian dauden hizkuntzak amildegira bultzatzen» ari dela salatu dute bertan.

EBLUL/ELEN Hizkuntzen Berdintasunerako Europako Bulegoak Unescori aurkeztu txostenean, gogor salatu du Estatu frantsesa, bere lurraldean dauden hizkuntza gutxituekiko duen jarreragatik.

«Noiz amaituko du Frantziak hizkuntz aniztasuna ukatzeko jarrera hori?»; «noiz utziko dio Errepublikak beste herrialdeetako kultur aniztasunaren aldeko hotsandiko aldarrikapenak egiteari bere lurraldean egiazko babes politika ezartzea errefusatzen duenean?». Halako galdera irmoak egin ditu EBLUL/ELENek «Frantziako hizkuntzak arriskuan» izenburupean aurkeztutako txostenean.

Europar Batasuneko «herrialde gehienetan hizkuntza gutxituak berrindartzeko politikak garatzea» posible delarik, hizkuntza aniztasunaren aitortza eta giza eskubideen unibertsaltasunarekiko errespetuari dagokionez, Estatu frantsesa «demokrazia europarren artean, azkeneko postuan» dagoela dio txostenak.

Erdiak, frantsesak

Horren adibide gisa, joan den irailaren 11n François Alfonsi europarlamentari korsikarrak arriskuan dauden hizkuntzei buruz bultzatutako txostenaren bozketan gertatutakoa aipatu du EBLUL/ELENek. 645 aldeko boz eta 26 kontrako jaso zituela gogora ekarrita, 26 horietatik erdia eurodiputatu frantziarrenak izan zirela nabarmendu du.

Txostenean, gainera, Estatu frantseseko hainbat hizkuntzaren egoerak jasotzen dira, tartean euskararena.

Unescok munduan arriskuan dauden hizkuntzen atlasean erabilitako irizpideak jarraitzen saiatu direla esanda, «inkesta soziolinguistiko mailan, agintari frantsesen politika koherente faltagatik oso partzialak» direla gaineratu du. Lortutako datuak hizkuntzen alde diharduten elkarteei esker eskuratu dituzte eta Atlasaren ebazpenak berresten omen ditu; alegia, Estatu frantseseko hizkuntza gutxitu guztiak, «ahultasun maila desberdinean izaki ere, mehatxatuak eta arriskuan» daudela.

Bestalde, duela egun gutxi, Konstituzioaren lehenengo eta bigarren artikuluak urratuko lituzkeela argudiatuta, Aurelie Filippetti Kultura ministroak adierazi zuen ez dela posible Hizkuntza Gutxituen Ituna berrestea. «Eskualdeko hizkuntzen» aldeko politikak plantan emateko Kontsulta batzorde bat abian jarri duela ere jakinarazi zuen.