IKUSMIRA
IKUSMIRA

Iñigo Cabacasen senideei gutxiespenaren ordez, eta justiziaz gainera, errespetua zor zaie

Iñigo Cabacasen sendiak, urtebete igarota, ez du justiziarik jaso, eta oraindik ez da hala gertatuko den zantzu sendorik. Justizia ez baita hala-moduzko prozesu bat, auziari nondik heldu ere jakin gabe urtebete eman ondoren. Ez da nahikoa ertzain bakan batzuk inputatzea «zerbait» egin dela erakusteko. Justizia izateko, nahikoa izateko, ezinbestekoa da egin beharreko guztia egitea, ondorio guztiak onartuta. Sinestezintzat jo zuen Iñigoren sendiaren abokatuak, arrazoiz, erasoa agindu zuen ertzaina, Ugarteko, inputatu ez izana. Bestalde, polizia hori Ertzaintzaren buru izateko aukera egiaztatuko balitz, Estatu espainoleko polizia bortizkeriaren historian izan den inpunitateari eta polizia gehiegikeriak saritzeko tradizioari jarraitzen dioten seinale izango litzateke.

Onartezina da, halaber, Iñigoren familiak urte honetan jasandako gutxiespena; horren adibide, duela zenbait egun izandako Biktimen Egunean parte hartu nahi al zuen galdetu ere ez izana. Izan ere, oraindik inor epaitu eta, beraz, zigortu ez badute ere, Iñigo Cabacasen biktima izaera, zoritxarrez, ez dago inon frogatu beharrik. Lekutan dago oraindik senide horiei zor zaien errespetua, jaso ez duten justiziaz gainera, jakina.