Nagore BELASTEGI DONOSTIA

Jokin Zaitegi beka kolokan, Kutxak babesa emateari utzita

Azken hamar urteotan literaturako Nobel saridunen lanak euskaratzeaz arduratu den AED elkarteak Kutxako diru laguntza jaso du orain arte. Babes hori kenduko duela iragarri du erakundeak, eta hortaz, itzulpen lanak finantzatzeko balio zuen beka arrisku larrian dago.

AED elkarteak bideratzen duen Jokin Zaitegi beka arriskuan dago Kutxak orain arte eskaini dien diru laguntza bertan behera uztea erabaki duelako. Beka lehiaketa baten bidez eskaintzen zaie itzultzaileei, Literaturako Nobel saridunen lanak euskaratzeko. Atzo argitaratzen azkena aurkeztu zuten, Mo Yan txinatarraren «Hori umorea, maisu!», Aiora Jakak eta Maialen Marinek itzulia.

Itxaro Artolak, AED elkarteko ordezkariak, azaldutakoaren arabera, honako liburua jada amaituta zutela jaso zuten Kutxaren jakinarazpena, eta orain inbertitutako dirua berreskuratzeko zailtasunak izango dituzte. «Maialenek eta Aiorak beka kobratu dute, baina oso-osorik elkarteak ordaindu du. Garai batean ia %100ean Kutxak ordaintzen zuen», aipatu zuen. Azken edizioko gastuak kubritzeko asmoz, Nobel-truk ekimena jarri dute martxan: 50 euroren truke, laguntzaileek Mo Yanen liburua eskuratuko dute. Bekaren etorkizuna ekimen honen esku dago. Artolaren esanetan, «Alice Munroren lan bat euskaratzea gustatuko litzaiguke, emakumea delako, baina ez dakigunez ahal izango dugun, oraindik ez dugu lehiaketa martxan jarri».

Txineratik euskarara

Zailtasun ekonomikoak gaindituz, iazko Nobel saridunaren lana euskaraz dago jada. Mo Yan txinatarraren ipuinak biltzen dituen «Hori da umorea, maisu!» (Elkar) itzuli dute Marinek eta Jakak, lan handia egin ostean. Liburuari izena ematen dion ipuinaz gain beste zazpi kontakizun daude; horietatik batzuk Marinek itzuli ditu txineratik zuzenean eta Jakak zuzendu, eta besteak alderantziz, Jakak frantsesezko bertsiotik itzuliz eta Marinek jatorrizko bertsioarekin konparatuz. Urte osoko lana izan da honakoa, bion artean adostutako testu sorta lortu arte. «Ingelesezko bertsioa kontsultarako besterik ez dugu erabili, nahiko librea delako. Gaztelerazkoa ingelesetik dago itzulia, beraz, ez dugu erabili. Txinerazko bertsioarekin ahalik eta berdintsuen izatea nahi genuen», azaldu zuen Jakak.

Marinek txineraz badaki. Txinan bizi izan da, beraz bertakoen hizkeraren berri zertxobait badaki. «Zaila egin zaigu onomatopeiak, esaera zaharrak eta lekuen izenak itzultzea. Batzuk txineraz bezala jarri ditugu eta beste batzuk euskaratu egin ditugu ulergarriagoa izateko. Era berean, oharrak erantsi ditugu zenbait gauza ezin direlako itzuli», adierazi zuen.

Ipuinak xamurtasunez eta fantasiaz josiak daude, gai gogorrak jorratzen dituzten arren; oro har, herri pobre bateko haur batek jasaten duen gosea dute oinarrian. Mo Yan bera haur goseti eta txiroa izan zen, ipuinen magia herriko azokan deskubritu zuena.