Estibaliz EZKERRA
Literatur kritikaria

Memoriaren entziklopedia (eta III)

O parotasun eta galera» ereduaren aurrean, memoria prozesu kultural moduan ulertzen du Rigneyk. Halbwachsen lanetik abiatuta, Jan eta Aleida Assmannek proposaturiko «memoria kulturala» kontzeptua giltzarri da planteamendu honetan. Assmanndarren aburuz, memoria kulturari lotuta egonik, gizarte egituren eraginpean dago etengabe, memoria indibiduala izan daiteke, baina baita familiari loturikoa, talde jakin batena, nazionala... Urrats bat harantzago doa Rigney, eta iraganeko oroitzapenak bitartekaritzaren, testuinguruaren eta komunikazio ekintzen produktu direla dio. Ildo horretan, memoria kulturala «kanpokoa» da, norberarenak ez diren esperientzietan oinarriturik dagoelako eta hainbat bitartekoren bidez, komunikabideak besteak beste, iristen delako gugana. Hain zuzen, komunikabideek (Internet barne) rol garrantzitsua betetzen dute gaur egun memoriaren transmisioan. Transmisio prozesua aztertzeko orduan, Michel Foucaultek «L'Archélogie du savoir» (1969) liburuan kultur ekoizpenaren gainean esandakoa aintzat hartzea proposatzen du Rigneyk, hots, oparotasunetik baino gehiago urritasunetik aztertu behar dela, kultura mugatua delako beti; hautaketa, errepresentazio eta interpretazioaren bidez ekoiztu egiten da esanahia. Kultura bezala, memoria hautaketa prozesu baten emaitza da. Memoria prozesu moduan ulertzearen ondorioetako bat da ez duela jaberik. Memoriak zirkulatu egiten du denboran eta espazioan. Era berean, ez dago gertaera jakin baten gaineko memoria bakarra. Komunitate eta gizarte egitura adina memoria dago; nazioa egitura bat baino ez da memoria interpretatzeko orduan.