IKUSMIRA
IKUSMIRA

Zenbait biktimaren eskuzabaltasun irakaspena

Santi Brouarden eta Josu Muguruzaren heriotzen 29. eta 24. urteurrenak, hurrenez hurren, direla-eta, estatu terrorismoaren biktima bion senideek eta lagunek hilaren 20an haien oroimenez eta omenez egingo dituzten lore eskaintzen berri eman zuten. Baina egun horretan izango diren ekitaldiak aurkeztetik harago, irakaspen ederra eskaini ere egin zuten bake eta bizikidetza kontzeptu maiz lausotuei dagokienez, euren bizipen eta sentipenen gainetik konponbidea lehenetsita. Eta hau nabarmentzeko moduko kontua da: ez dute beren egoera partikularraren araberako konponbidea aldarrikatzen, denen konponbidea baizik; denentzat eta denek lortu beharrekoa, alegia. Bestela esanda, eurek izan ez dituzten justizia eta erreparazioa denentzat eskatzen dituzte, baina zor zaizkien aitorpen eta erreparazioaren gainetik, konponbidea dute xede. Brouarden eta Muguruzaren hurkoen aldarrikapen nagusiak, hartara, gatazkaren konponbiderako zentzuzko eta ezinbesteko betebeharrak dira: «inor baztertzen ez duen egia» -baztertuaren ahoan balio handiagoa duena- eta gatazkaren konponbide demokratikoa. Jarrera hori era askotara izenda liteke, baina beharbada hitz honek definitzen du ondoenik: eskuzabaltasuna. Irakaspen ederra, herri honetako eragile guztiei zer pentsatua eman beharko liekeena.