Nerea GOTI

Cabacasen auzian «injustizia geldiarazteko» lan egiteko eskatu diete alderdiei

Iñigo Gogoan herri ekimenak «urratsak egiteko konpromisoa» eskatu zien atzo EAJ, EH Bildu, PP eta UPyD-ri, Iñigo Cabacasen auzian «bidegabekeria amaitzeko» lau alderdiekin batzartu ostean. Zigorgabetasuna amaitzea premiazkoa dela aldarrikatu zuten.

Iñigo Cabacasen heriotzatik urte eta erdira jakin berri da auzia daraman epaileak hiru ertzain eta poliziaburua baino ez dituela inputatu gertaera haiengatik, eta «inputazio gutxi horiek gizartean kezkak eta galderak» baino ez dituztela eragiten salatu zuen atzo Iñigo Gogoan herri ekimenak. Hori dela eta, politikariengana jo du «gertatzen ari den injustizia gelditzeko urratsak» egin ditzatela eskatzeko.

EAJ, EH Bildu, PP eta UPyDko parlamentariei dei egin zien, laurekin izandako batzarrak gogora ekarriz. Argitu zutenez, PSOEk uko egin zion batzartzeari. Bilerak izan zituztenetik, ez dutela «ez erantzunik ez proposamenik» jaso jakinarazi zuten, eta Parlamentuan «gauzak mugitu» daitezkeela nabarmendu zuten.

Horrez gain, euskal gizarteak dituen galdera ugari jarri zituen mahai gainean herri ekimenak, eta kasu hau urteetan luzatu eta azkenean errudunik ez dagoela esatera irits daitekeen beldur agertu zen. «Zer gertatuko da lekukoen arabera egun horretan pilota-jaurtigailuekin armatuta zihoazen eta inor bereizi gabe tiro egin zuten gainontzeko ertzainekin?», «zer gertatuko da Ugartekorekin, Deustuko bulegotik agindu zehatza eman zuena kalezuloan sartzeko `con todo lo que tenemos'» galdetu zuten, beste itaun askoren artean.

Buen eta Varelarekin «zer gertatuko den» argitzeko ere eskatu zuten Varia Sanmartinek eta Iker Hernandezek gaztelaniaz eta euskaraz irakurritako adierazpenean, «Ugarteko, Buen, Varela» eta inplikatuta egon daitezkeen gainerakoak hasieratik «lasai daudela» esan zuten, «badakitelako ez dutela zigorrik jasoko».

Kargugabetu barik, maila igo?

Gobernu ardurak dituzten politikarien jokabidea salatu zuen herri ekimenak. Azaldu zuenez, horietako batzuk ere «zigorgabe» geratuko dira: «Aurrekoak, Ertzaintzako arduradunak babestu eta euren postuetan mantendu zituztenak», eta oraingoak, «hitz politak esan eta argazkia ateratzeko baino ez daudenak».

Ez zigortzea gutxi balitz, salatu zutenez, komunikabide baten esanetan baliteke Lakuako Segurtasun Sailak Ugarteko mailaz igotzea.

Herri ekimenak nabarmendu zuenez, «neurriak har ditzakete eta har ditzatela exijitzen diegu». Testuinguru horretan kokatu zuten gomazko balen erabilpenaren debekua, Kataluniako Parlamentuan dagoeneko hartua duten erabakia jarraituz. «Beste hildako bat behar du Ertzaintzak arma horiek erabiltzeari uzteko?», kexatu ziren neurriak heltzen ez direla-eta.