Mikel Ibarguren
Idazlea
JO PUNTUA

Militar bati karta

Zuek ez duzue bakerik nahi. Bakea gerra egiteko beste modu bat baino ez da zuentzat. Zuen «cogito castrense»-ak dogmak baino ez ditu eraikitzen. Zuen printzipio eta mundu ikuskerak onak eta gaiztoak baino ez ditu bereizten. Dena da testosterona kontua

Espainiako Defentsa Ministerioak antolatutako «Militar espainiar bati gutuna» izeneko lehiaketa pedagogikoaren berri izan orduko idazten dizut, zuri, militar espainiar horri, zera adierazteko:

Zure botekin zapaltzen duzun lur hau lur okupatua dela, eta ez, inondik ere, zuk ordezkatzen duzun Espainia Handi eta Librea. Zure armekin militarizatzen duzun kale nahiz mendi bakoitza gune aske gisa sentitzen dugula zuek ez zaudetenean. Zuen itzal luzea, Guardia Zibilarenarekin batera, aspalditik ezagutzen baitugu jazarritako herri honetan.

Gutun honen bidez argi utzi nahi dizut gauza bat. Gerra ez da, errepresioa ez da -are gutxiago militarizazioa- gatazkak konpontzeko metodorik hoberena. Zuen logika militarrak gure pentsamenduak, gure portaerak zein helburuak zapaltzea du helburu. Edo ahaztu al zaizu «Zona Especial Norte» eskuliburuak zioena? Mendez mende egin duzuen legez, indarraren bidez ezarri nahi duzue zuen bakea. Erromatarrek Pax erromatarra edo estatubatuarrek Peace amerikarra bezala nahi duzue ezarri NO-DO usaina duen Paz espainiarra. Zuen armak beti izan dira gurutzea eta ezpata. Zuk osatzen duzun armada hori gobernu zilegi baten aurka estatu kolpea emanez iritsi da gaur eguneko atakara. Afrikako gerran galdu zuten militar nostalgikoen oinordekoek osatzen dutena, bidenabar esanda.

Halaber, esan nahi dizut Espainia Handiaren proiektu ekonomiko, kultural eta ideologikoak hainbat herri eta nazio kartzelatzeaz gain, konkordiaren eta etorkizun konpartituaren aitzakiaz, herri espainiarra ere kartzelatu egiten duela. Bere garaian trantsizio deituriko amarru haren ondotik eratorritako demokrazia frankismo berantiarraren eufemismoa dela garbi gelditu baita. Zuk zapaltzen duzun lur honek oraindik argitu gabeko gorpu ugari ezkutatzen dituelako esaten dizut hori. Zure armadak 36ko gerran erail eta desagerrarazitako komunistez, anarkistez, abertzaleez eta herritar soilez beteta baitago.

Ahoan bilorik gabe esango dizut. Zuek ez duzue bakerik nahi, bakea gerra egiteko beste modu bat baino ez da zuentzat. Zuen cogito castrenseak dogmak baino ez ditu eraikitzen. Zuen printzipio eta mundu ikuskerak onak eta gaiztoak baino ez ditu bereizten. Dena da testosterona kontua, indarraren apologia, hierarkiarekiko otzantasuna eta xenofobia. Dena da mehatxua eta terrorismoa. Etsaia dago alde guztietan eta zibilizazioen arteko talkaren mistifikazio «gezurtiarrarekin» Herio hedatuz zabiltzate bazter guztietan. Mundu guztia «Guantanamotu» nahian.

Noski haizu da, zuena beti baita nazio handi, demokratiko eta hiritarra; gurea, aldiz, erromantikoa, ameskeria hutsezkoa eta etnikoa. Desproportzioa ez da ideologikoa soilik, ezarri nahi duzuen ideologia hori gauzatzeko orduan erabiltzen duzuen armen indarra ere halakoxea baita. Finean, zuen proiektu hiper-espainiarzale eta etnozentristak gurea bezalako herrien desagertzea dakar ezinbestean. Zuk ere badakizu hainbeste.

Besterik gabe, adeitasunez, ez zaretela ongi etorriak esan nahi dizut.

P.S.: Gorbeiako gurutzean bandera espainiarra ezarriko duzue, baina ez duzue herri honen borondatea belaunikaraziko.