Arantza Santesteban
Historialaria
JO PUNTUA

Erreminta berrietan pentsatuz...

Agian, kategoria hertsietan baino, lurralde zabalagoetan pentsatu beharko genuke. Elkarrekin. «De facto» batzen eta hurbiltzen gaituen lur komunal batean

Kataluniako esperientzia partzial eta laburrari begira, esan nezake ez duela zertan nortasun politikoen eta sozialen arteko korrespondentzia automatikorik egon. Nortasun politikoen eta «tribu urbanoen» arteko lotura gaindituta dago, edo behar luke. Hantxe ikusi izan dut talde anarkista bateko kiderik sutsuena «rollo»-koa ez den taberna batean techno musika pintxatzen. Edo auzo elkarte bateko adineko emakume «indepe» batek ezkutatu gabe esanez runba eta flamenkoa atsegin dituela. Onartu behar dut Euskal Herrian ezkerreko eta abertzale diren egituretan parte hartze sakona izan duen norbaitentzat halako militantzia ereduak posible direla ikusteak eskemak apurtzen dizkiola. Eskemak apurtu, posible izan litekeenaren mugak irekitzen dituelako, praktika eta diskurtso ez-esentzialistetatik abiatuz iraultzan sinistea posible dela ikusarazten duelako.

Inolaz ere ez dut ereduen arteko konparazio sinplista bat egin nahi; hangoa ona da, hemengoa txarra. Bai zera! Gauzak askoz konplexuagoak dira. Gauza batzuetan pentsatzeko beharraz ari naiz. Unai Apaolazak aurreko igandean ireki zuen eztabaida mamitsuan pentsatzen burura etorri zaidan anekdota baino ez da militantzia eredu posibleena.

Aldiz, badago despejatu beharra dagoen eztabaida sakon eta urgente bat. Nazioa eta klasea, subjektu independentista eta sozialista egituratzeko kontzeptu baliagarriak ote diren pentsatzearen beharraz ari naiz. Orain arteko estrategiek eta erremintek honaino iristeko balio izan dute, baina bidegurutze historiko honetan, mapa berriak marraztuz, iparra aurkitzeko igaro beharreko bidezidorrak bilatzearen beharraz ari naiz. Edo bederen, horretaz guztiaz pentsatzearenaz.

Nazioak, zentzu esentzialistenean ulertuta, independentismoa artikulatzeko ez duela balio argi dago. Ezin zaio norbaiti esan independentista izateko euskaraz hitz egin, txistua jo, pilota maitatu eta baserriko bizitza egin behar duenik... horretan uste dut adostasun zabala dagoela gure herrian. Kontua da nola gainditu nazioaren ikuspegia, nola aurkitu bestelako lurralde komun bat. Agian, kategoria hertsietan baino, lurralde zabalagoetan pentsatu beharko genuke. Elkarrekin. De facto batzen eta hurbiltzen gaituen lur komunal batean. Gainegitura batek ezartzen digun joko zelaian baino, beharrak, printzipioak, interesak eta desioak komunean jarriz sor daitezkeen subjektu eta praktika berri horietan dago koska. Horien guztien gainegitura independentismoa izatea ederra litzateke, independentzia bere zentzurik zabalenean, ez independentzia=euskal estatua soilik, baizik eta independentzia=erreminta. Komunean dauzkagun bizitza horien askapen prozesuan baliagarria izango den lanabesa.

Komunaren definizio horretan, ordea, klasea artikulazio egokia iruditzen zait, are gehiago, %1 eta %99aren paradigma indarra hartzen ari den honetan. Aldiz, kontua da klase definizio eta ikuspegiaren barnean subjektu anitza eta multilaterala definitu beharra dagoela: gizon, zuri eta asalariatuaren ikuspegia gainditu eta subjektibitate iraultzaile berriak protagonista izan behar direla ulertu beharra dago.