Ane ARRUTI DURANGO
durangoko azokaren 48. edizioa

William Douglass eta Eskozia, irauteko laguntza eskatu duen Azokan

Lau egunez kulturaren plaza izango den Durangoko Azokak Eskozia izango du aurten herrialde gonbidatu eta William Douglass antropologoa omenduko du Argizaiola sariarekin. Aurrekontua %10 jaitsi da iaztik, Azoka «ganorazkoa eta profesionala egiteko» gehiegi.

Pasa den astean «gerrikoa estutu» beharko dutela aurreratu zuen Nerea Mujikak, Gerediaga elkarteko lehendakariak, eta atzo zifra zehatzak eskaini zituen Durangoko Azokaren aurkezpen ofizialean. 522.000 euroko aurrekontua izango du 48. edizioak, iazkoa baino 60.000 euro gutxiago. Murrizketaren %10 horretan -«oso zifra handia»-, erdia erakunde publikoetatik datorrena izan da, nahiz eta Lakuak %20 igo duen laguntza eta Gipuzkoako eta Arabako Diputazioek mantendu egin duten. Jaitsiera Bizkaikotik eta Madrildik etorri da; Bizkaiak %15, iaz baino 110.000 euro gutxiago eman ditu, eta Madrilgo gobernuak iaz emandako laguntza ezabatu egin du aurten.

«Euskal kulturak beharrezkoa du Durangoko Azoka, ganorazko eta profesional bat. Euskal sortzaileek eta industriak erakusleiho indartsua derrigorrezkoa dute. Horregatik, Euskal Herrian erreferente den azokarik handiena ezin da estu eta larri ibili. Beraz, ezinbestekoa da denon babesa, norbanakoena eta erakundeena, pribatuena zein publikoena», eman zuen abisua Mujikak, bertaratutako agintari eta babesleen aurrean.

Landako erakustazokari dagokionez, 238 stand egongo dira aurten, iaz baino 15 gutxiago, eta partaideak 122 izango dira, bost gutxiago. Stand gutxiagotan elkartu dira, beraz, zenbait partaide. Berriak ere badira, sei: Musikazuzenean, Zea Mays, Danba Kameluak, Musikariak elkartea, Txalapart eta Ze esatek!. Nobedadeei dagokienez, 355 zenbatu dituzte, gehienak liburuak (226) eta diskoak (68).

Argizaiola, Renora

Euskal kulturaren alde lan egin duenari eskaintzen zaio urtero Argizaiola saria eta zaila da aurtengo sarituaren, William Anthony Douglass-en (Reno, 1939), biografia laburbiltzea. Antropologo estatubatuarrak hamaika ikerketa egin ditu euskal diasporaren inguruan, Euskal Herrian ere bai. Renoko Euskal Ikasketen Programaren sortzaile eta hiru hamarkadatan zuzendari izan zen, 2000. urtean erretiroa hartu zuen artean. Hogei liburutik gora ditu, 1984an Doctor Honoris Causa izendatu zuen EHUk eta 1998an ohorezko euskaltzain egin zuten. Genevako Henri Dunant zentroaren eskariz, euskal gatazkaren konponbiderako bitartekari lanetan ere aritu zen 2003an.

Durangoko Azokan sarri izan dela esan zuen Mujikak, harreman estua dutela, eta Renok normalean stand propioa hartzen duela. Abenduaren 6an jasoko du Douglassek Argizaiola saria, San Agustin kulturgunean egingo den ekitaldian.

Bestalde, laster bere etorkizuna erabakitzeko aukera izango duen Eskozia izango da aurtengo kultura gonbidatua eta alba («eskoziar», gaeleraz) kultura eta hizkuntza ez ezik, ikuspegi politikoa ere landu nahi du Azokak. Horretarako, «Eskoziatik Euskal Herrira: Europako autodeterminazio prozesuak» mahai-ingurua egingo da abenduaren 6an.

Inaugurazio ekitaldian berriz, John Stewartek eta John Boldaunek musika emanaldia eskainiko dute eta Jaun Zuriaren kondaira kontatuko du Joxemari Carrerek. «Kondairak dio Eskoziatik etorri zela Jaun Zuria, Bizkaiko lehen jauna. Kondairak kondaira dira, baina garbi dagoena zera da: euskal arrantzaleentzako bi herrialdeen arteko itsasoa ez dela oztopo izan, eta hartu-emanean izan dira mendeetan», adierazi zuten atzo Gerediagatik.

Bigarren mahai-inguru batera Catriona Lexy Campbell aktore, antzerkigile eta gaelerazko idazlea etorriko da. Scottish Writers Centre-ko zuzendaria da eta Oier Guillan eta Ixabel Etxeberriarekin antzerkigintzan egoera soziopolitikoak duen eraginaz hitz egingo dute abenduaren 7an, Szenatokia gunean.