Basarri bere osotasunean ezagutzeko aukera Zarautzen, bere jaiotzaren urteurrenean

Inazio Eizmendi «Basarri» jaio zela ehun urte bete ziren atzo. Bere bizitza, bertsolaritzari egindako ekarpena, kazetaritzan egindako lanak eta jasotako aitortzak biltzen dituen erakusketa zabaldu dute Zarautzen.

Ehun urte beteko zituen atzo Basarrik. Errezilen jaio zen baina ume zela Azpeitira joan zen bizitzera, eta, handik, 7 urterekin, Zarautzera. Azken Portu auzoan hartu zuen taberna aitak eta kostaldera egin zuen familia osoak. Taberna hartan hasi zen bertsotan, baina Basarrik ardura nagusia bertsolaritza «duintzea» zuen: bera izan zen bertsoa sagardotegi eta taberna girotik plazaratu izanaren eragile nagusia.

Hori eta gehiago eskertu eta aitortu asmoz, hainbat ekitaldi prestatu ditu Zarauzko Udalak, eta atzo inauguratu zuen, Eusko Ikaskuntzarekin elkarlanean, bere ibilbidea biltzen duen erakusketa Sanz Enea kultur etxean. Lau atal bereizi dira bertan. Batetik, bertsolari eta kazetariaren bizitza erakusten duten argazkiak daude. Errezilen jaio eta Zarautzen egindako urteak, tabernako bertsokide eta lagunak...

Bigarrenean, bertsolaritzari egindako ekarpena eta bere bertso ibilbidean jasotako sari ezberdinak ageri dira. «Argazkiak ez ezik, Basarrik argitaratutako liburuak eta gerraostean antolatutako lehen bertso txapelketetako garaikurrak ere biltzen dira erakusketan. 1945eko eta 1960koak, esaterako. Altxorrak. Tartean, Euskaltzaindiak antolatu, `Campeonato Mundial de Bertsolaris' izenarekin ezagutarazi, eta orduko `Gobernador Civil y Jefe del Movimiento en Guipuzcoa' zenak sinatutako garaikurrak», azaldu zuen Gari Berasaluzek, Zarauzko Kultura zinegotziak.

Izan ere, 22 urterekin jantzi zuen Euskal Herriko lehen txapela Basarrik, eta, bigarrena, 1960an. 1962an, Uztapideren atzetik bigarren gelditu zenean, txapelketa eta lehiaketa orotatik erretiratzea erabaki zuen.

Kazetari moduan egindako lanak ezagut daitezke hirugarren atal batean. Hirurogei urtetik gorako ibilbidea egin baitzuen guztira. Egunkari askotan argitaratu zituen bere kronikak eta irratian ere aritu zen. Erakusketan bere eskuizkribuak ere bildu dituzte.

Bukatzeko, orain bezala, lehendik ere Basarrik jaso dituen omenaldi eta aitortzen bilduma batekin osatu dute laugarren atala. Badira Euskaltzaindiak eskainitakoak, Zarauzko Udalarenak... Gela multimedia bat prestatu dute eta Basarriri buruzko dokumentalak, elkarrizketak nahiz bertsoak ikusi eta entzuteko aukera izango da. «Tartean, Martin Ugaldek Basarriri Zarauzko udaletxeko teilatupean egindako elkarrizketa bezalakoak», aipatu zuen Berasaluzek.

Bihar, Basarriren omenez, Zarautzen egingo du Euskaltzaindiak osoko bilkura.