Ion SALGADO

Gasteizko Harresiak 3.000 lagunek eskuak batuta giza katea egingo du urtarrilean

Gasteizko Harresiak giza kate bat egingo du urtarrilaren 25ean. Aipatutako ekimenak Gobernu espainolak ezarritako salbuespen politika bertan behera uztea du helburu. «Salbuespen politikekin, salbuespen epaitegi eta legediekin amaitzea dugu xede. Gu guztionak diren eskubide zibil eta politikoen alde eta auzipetuen babesean, elkartasunetik konpromisora jauzi egiteko garaia da», adierazi zuten atzo mugimenduko kide Aiala Zaldibarrek eta Rosana Morenok.

Batak gaztelaniaz eta besteak euskaraz, datorren hilabetean gauzatu nahi duten «erronkaren» berri eman zuten prentsaurrekoan. «3.000 pertsonaren parte hartzea behar dugu epaitegiak, Legebiltzarra, Gobernuaren Ordezkariordetza, udaletxea eta Foru plaza lotzeko», nabarmendu zuten.

Epaitegien aurrean, salbuespeneko legeak eta epaitegiak desager daitezela exijituko dute; Legebiltzarrari, berriz, salbuespen politikak ez daitezela aplikatu eskatuko diote. Halaber, Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetzan, salbuespen politiken indargabetzea eta euskal gizartearen eskubide zibil eta politikoen errespetua galdegingo dute; eta Udalari adieraziko diote «gasteiztarrak injustizien aurrean babestea ere badela haren ardura. Amaitzeko, denok Foru plazan bilduta, mezu garrantzitsuena helaraziko dugu. Geure buruari esango diogu geurea, herritar xumeona, dela erantzukizuna».