Pello Zabala
Eguraldia aditua
AZKEN PUNTUA

Ilargiaren gorabeherak

Bere aurpegia zuri biribil osatua hala, berriro argiz husteraino, ia hilabete egiten du ilargiak, 29 egun eta erdi pasatxo, ia 30. Horregatik ilberria hilabeteen ia egun beretan izan ohi da

Izar guztien aizpa zarrena, or da illargi zerura irtena», hala utzi zigun Nemesio Etxanizek bere olerki goxo herrikoi xumeetako batean. Ilargi-hasiera genuen asteartean, Xabierko Frantzisko handiaren goizean, gauerdiko lehen ordu erdian. Ez hain zerura irtena ere, ilbeherakada osatuz baxu zebilenez, hondoa jota, errebotean goraka arrats erdian irtengo baitzen.

Bere aurpegia zuri biribil osatua hala, berriro argiz husteraino, ia hilabete egiten du ilargiak, 29 egun eta erdi pasatxo, ia 30. Horregatik ilberria hilabeteen ia egun beretan izan ohi da: abenduan 3an genuena, azaroan ere 3an, urrian eta irailean 5ean, abuztuan 6an, uztailean 8an...

Ezin da era berean neurtu, ordea, ilargiaren goraldi-beheraldiena; gorako eta beherako bidaian 27 egun pasatxo egiten baititu. Alegia, urtearen neurri-zabaleroa hartuaz gero, ilberri-ilbete lanetan, ilargiak 12 bira osatzen ditu eta 10-11 egun sobratzen zaizkio urteko. Aldiz, goraldi eta beheraldietan, ilgora-ilbeheretan, 13 aldi osatzen ditu urteko, eta beste 10-11 egun sobrante. Horrek esan nahi du, kontu eta nahasmen bitxia ateratzen zaigula hor. Saia nadin argitzen.

Xabierko santuaren egunez, tartean 17 ordu pasatxo zituztela, bi ibilbideak egun berean egokitu badira, hemendik bi asterako bidegurutzea ere parean egokitu lekieke. Hara fortunatze dontsua: abenduaren 17an, ilbetea goizeko 10.29an osatuko da. Ba, gertuan beharko ilargiaren beheraka abiatzeak ere: eta halaxe, gauerdi pasatxoan, ia goizeko ordu bietan, 1.58an hasiko du ibilbide beherakakoa. Gutxitan egokitzen dira honelako bitxikeriak.

Baina, badu bi egun eta erdiko koska honek beste ondorio nahikoa nabarmena. Urte akabera eta berria abiatzeko honetan, egun laburrenekiko, edo negu deitzen diogun honetan, biak bat edo bateratsu badatoz, bertatik pentsatu behar da, uda gain edo eguzki gain ekainekoan, biak alderantzizko bidegurutzean edo gurutzatu ezinean ibiliko direla. Hau da: ilargi aurpegia betetzen doan artean, ilargiaren zeruko ibilbidea, goitik beheraka, indarra galtzen dabilela. Hortaz, landareengan duen eragina nahasi ote dezake? Sasoi honetan, biak batera doazen indar-eraginak, natura motel dabilelako ote ditu beharrezko landarediak? Eta uda partean, horregatik gertatzen ote dira baratzetan, hainbat landareren ezusteko puntaratze eta loratzeak eta...?