IKUSMIRA
IKUSMIRA

Militar espainolak, mozkortuta, lurraldea markatzen

Loiolako kuarteleko militarrek lotsagabekeria neurrigabeaz eta mozkor ikaragarriaz ospatu berri dute beren konstituzioaren eguna. «Viva Franco» eta «viva España» oihukatuz auzoan zehar paseatu ziren probokatzen, garagardo botila hutsak jaurti zituzten auzotarren kontra, beren sexu-organoak erakusten aritu ziren hainbat taberna aurretan... eta azkenean, ertzainak atzetik korrika zituztela kuartelerantz ihes egin zuten. Ez da, ez, lehen aldia militarrok probokazioaren bidetik nabarmentzen direla. Ezta herritarrak kolpatzen dituzten aurrenekoa ere. Kasualitatea ala gertaera isolatua baino, mentalitate baten ondorio dira-eta jokaera hauek, ustezko indar gordin baten erakustaldia, euskaldunak kikilduta atzera egingo dutelakoan. Oker dabiltza, baina. Metraileten, uniformeen ala trikornioen indarrez nolakoak diren adierazi nahi dute, zer daukagun aurrean argi utzi. Animaliak gernuarekin nola, jokabide horiekin beren lurraldea hala markatuz. Halakoak baitira, erremediorik gabe gainera.

Batzuen eta besteen artean ezberdintasuna, estilo eta estetika mailakoa barne, ikaragarria da. Euskal herritarren erantzunak oso bestelakoa izan behar du. Mozkortutako militarren aurrean, indar armatuaren mehatxuaren aurrean, arrazoiaren eta demokraziaren mehatxua, herrigintza biderkatua. Lurraldea benetan eta eraginkor horrela markatzen delako.