Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Ametsen garaia

Bertsolaritzak, bizitzak egin didan eta digun opari eder honek, batasun indar izugarria dauka. Agian horretarako sortu zuten gure arbasoek, eztabaida dialektikoak batu gaitzan

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala euskal nazioaren Gabon gaueko afaria da. Urte osoko iritzi ezberdintasunak eta iraganean elkarri eragin- dako saminak tuperrean sartu, eta batasun bihurtzen gara. Horrek ez du esan gura hori denik egoera iraunkor perfektua. Bizirik jarraitzeko moldatu beharra dago, horrek aldaketa eskatzen du eta aldatzeko ezinbesteko mugimendua indarren arteko gatazkek eragiten dute. Estatistikoki azalduta, perturbazioak kontuan hartu gabe ez dago errealitatera molda daitekeen eredurik.

Baina batasun barik ez dago ez familiarik, ez hiztun komunitaterik eta ez are gutxiago naziorik ere. Bertsolaritzak, bizitzak egin didan eta digun opari eder honek, batasun indar izugarria dauka. Agian horretarako sortu zuten gure arbasoek, eztabaida dialektikoak batu gaitzan. Gure bertso eskolako kideei begira sarri pentsatu izan dut ez dagoela bertan batu garen jende anitza bilduko lukeen beste ezer ere. BECen zeuden gure herriko gehiengo politiko eta sozialaren ordezkariak. Han zeuden bi alardee- takoak, txuri-gorriak, txuri-urdinak, miarritzezaleak, irujozaleak, olaizolazaleak, marxistak, kapitalistak, oinaztarrak, ganboarrak, Euskaltzaindikoak, euskaraz irakurri eta idazten ez dutenak, umeak, amamak... Ohitura legea zen Auñamendietako Zuzenbidean, gure zuzenbidean, eta ohiturak legeak baino askoz legebiltzar emankorragoa eratu zuen domekan.

Zortzi lagun, iragan aktualizatuaren ordezkari. Irri eginarazi ondoren gogoetarazi zigun Olentzaro (bai, urteko aro bat da olentz aroa) senegaldarra, bera gabe finaleko ortzadarrak kolore erdiak galduko lituzkeen fikziozko telefonoaren bestaldekoa, Joseba Sarrionandia bere ama poemaka besarkatzen, Durangoko Caster jeneralaren Little Big Horn, eguna goizaldeko ordu bietan argitu zenekoa, Porrotx konplexudun koreografoa, prediktorra erabili ostean pilula har zitekeela uste zuen nerabea... Terapeutikoa izan zen domeka. Gauza gehiago esan nitzake, ez baitago itzalik gabeko argirik, baina orain lau urte ikasi nuen finalaren ostean bertsogintzaz publikoki aritzea oso gaizki ikusita dagoela.

Une berean, nire abizenaren jatorrizko nazioan, Lleidako Auñamendietako Pallars-eko kate nafardun gazteluen lurraldean, antzeko bilkura baten ondorioak plazaratzen zituzten, kataluniarrek euren etorkizuna erabakitzeko aukera gauzatu gura dute.

Leku batean zein bestean politikariek lortu ezin zutena lortu dute herritarrek. Bakoitza bere modura, batzuek katean eskutik helduta, besteak, ohitura berrituaren su bazterreko txokoan batuta. Gure berezitasunak ez ahazteko daukagu bertsolari txapel- dun lapurtar bat. Gure hiztun komunitatea burujabe izateko proiektu bat behar dugu, Bertsolari Txapelketa Nagusiak ezartzen dituen lurralde irizpideetan oinarritzen dena, babesik gutxien dutenak kanpoan uzteko tentaziorik gabea.

Txapeldun berria dugu, bertsolari bikaina eta pertsona hobea. Laurogeiko hamarkadako lehen urteetan jaio ginenon belaunaldikoa. Iraganeko inertziak herentzian jaso eta etorkizuna beste era batera eraikitzeko erantzukizuna duen belaunaldikoa. Berbaren zentzu guztietan, Ametsen garaia da.