Martxelo DIAZ

EH Bildu: «PSN da Barcinak 2015 arte jarraitzearen erantzulea»

UPNren sostengu izatea leporatu zioten atzo EH Bilduko parlamentariek PSNri. Alderdi honek aho txikiaz Yolanda Barcinari hauteskundeak deitzeko eskatzen badio ere, hori gauzatzeko EH Bilduren eskaintzari uko egiten dio. Aldi berean, gai estrategikoetan -zentsura mozioa, CAN eta Donapea, kasu- UPNren alde egin du PSNk. Gauzak horrela, irtenbide bakarra hauteskundeak aurreratzea dela dio EH Bilduk.

Nafarroako Gobernuak bigarren aldiz jarraian aurrekontuak luzatu beharrak argi eta garbi uzten du, EH Bilduren ustetan, UPNren gaitasunik eza eta hauteskundeak lehenbailehen deitu deitu behar direla.

PSN helburu hori lortzeko oztopo dela nabarmendu zuten atzo EH Bilduko parlamentari Maiorga Ramirez, Bakartxo Ruiz eta Xabier Lasak. «UPNk PSNren laguntza izan du beti. PSOEren sukurtsalak huts egin dio nafar gizarteari, UPNri agintzen jarraitzea ahalbidetuz; bai apirileko zentsura mozioa baztertu zuenean, baita bestelako funtsezko gaietan (CAN, Donapea) Gobernuaren babesle izatean ere», adierazi zuten EH Bilduko kideek.

Jarrera horren azken kapitulua aurrekontuen eztabaida izan zen. PSNk 2014ko maiatzean -hauteskunde europarrekin batera- hauteskundeak deitzeko eskatu zion Yolanda Barcinari, baina segidan uko egin zion EH Bilduk eskaera hori gauzatzeko egindako proposamenari. «Hitz hutsalak, aldaketa borondaterik gabekoak, fiskalitatea eta bestelako gai garrantzitsuetan UPN eta PPrekin batera bozkatzean berresten dituenak», gehitu zuten.

Gauzak horrela, EH Bilduk ezinbestekotzat jotzen jarraitzen du hauteskundeak deitzea egungo blokeo egoera gainditzeko eta nafar herritarrek iritzia plazaratzeko.

Horretarako, oposizioko talde guztiei zuzendu zaie, Barcina Gobernutik kentzeko eta hauteskundeak aurreratzeko. «Premiazkoa den behar hori gauzatzeko konpromisoa helarazi diegu oposizioko gainontzeko alderdiei, baita hautagaiaren izendapena euren eskuetan jarriz ere, baina baldintza mugiezin batekin; gobernu berriaren lehen erabakia hauteskundeak deitzea izatea», azaldu zuten.

PSNri oposizioko beste alderdiei egin dieten eskaintza bera egin dietela esan zuten EH Bilduko hautetsiek, baina ez dute inolako erantzunik jaso. Nafarroan aldaketa gauzatzeko ezinbestekotzat jotzen dute «desberdinen artean eraikitzea».

«PSNren erantzukizuna da Barcinak 2015. urtera arte jarraitzea», salatu zuten EH Bilduko parlamentariek.