GARA

Errigorak 112.000 euro lortu ditu Nafarroa hegoaldea euskalduntzeko

Errigoraren ekimenez, eta AEK, Ikastolen Elkartea, Sortzen eta Zazpiak Bat-en babesaz, 8.000 saski inguru banatu eta 112.000 euro eskuratu dituzte Nafarroa hegoaldeko euskalgintzarako. Gainera, paraje honetako produktuak Euskal Herri osoko etxeetan dastatu dituzte.

«Sekulako puzkada egin dugu denon artean», adierazi zuten atzo Arroitzen. Bukatu berri duten kanpaina «itzela» izan dela eta aurreikuspen guztiak gainditu dituztela erran eta parte hartu duten herritar guztiak zoriondu zituzten. Urrian eta azaroan bizi-bizirik egon den kanpaina «auzolan ariketa ederra» izan dela deritzote. Herritarren aldetik ere, harrera ezin hobea izan du proiektuak. «Errepikatzeko moduko esperientzia izan da, eta errepikatuko dugu, noski», ziurtatu zuten.

Urriaren 28an kanpaina aurkeztu zutenetik eskaera puntuak gehitzen joan eta azkenean 500era ailegatu dira. Zazpi probintzietako ikastola, eskola eta euskaltegietara, baita taberna, denda, elkarte, enpresa, unibertsitate eta udaletara ere. Kalean mahai bat jarrita kanpaina egin duenik izan da. Gabon saski bihurtu dute lantoki batzuetan eta eskari ederrak osatu.

Kontatu zutenez, bi aste behar izan dituzte Nafarroa hegoaldeko uztaz osatutako saskiak prestatu eta banatzeko. Bi larunbatetan deialdi zabalak egin dituzte eta egun osoz txoko ugaritatik etorritako jendea ekinean ibili da, bizkarreko minez baina kontent.

Orain, lortutako dirua Lodosako ikastolara, «Euskaraz bizi eta ikasi» herri ekimenera eta Erriberako AEKra bideratuko dute. Eta gero hurrengo kanpainari ekinen diote.