Aitziber Pz. KARKAMO
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Gure komunikabideen alde

Atzo ez zen GARArik egon. Atsedena merezi dute kazetariek eta abenduaren 25a prentsa idatzirik gabeko eguna dela onartu behar dugu irakurleok, baina horrelakoetan konturatzen gara goizero paperezko egunkaria eskuetan izatea ezinbestekoa zaigula.

Egunkariak irensten dituen herria da gurea. Ez dakit arrazoiak politikoak, soziologikoak edo kulturalak diren, baina hedabide-kontsumitzaileak garela bistakoa da. Informatzeko aukerak soberan direla saltzen digutenean, beldurrez begiratzen diot nik panorama mediatikoari, aukera asko izateak ez baitu aukera aniztasuna esan nahi eta TDTa begiratzea besterik ez dago pentsamendu bakarraz ohartarazteko. Bestelakorik badago, baina Facebook edo Twiterreko mezu bidez mundu zabaleko informazioa eskura izatea eskertzekoa bada ere, ni behintzat, ez naiz sekula horrekin konformatuko.

Nik nire hedabideak nahi ditut. Nire inguruaz arituko eta nire ahotsa jasoko duten hedabide propioak aldarrikatzen ditut. Hargatik, GARAren irakurlea izanik, gure baliabideen alde egiten ari den kanpainaren garrantzia aldarrikatu nahi dut egunkariak berak eskaintzen didan txoko honetaz baliatuz.

Komunikabide propioak izateak duen garrantziaz aspaldi konturatu ziren gure erredakzioetara gizon-emakume armatuak bidali zituzten epaile eta mandatariak. Herri bat garen heinean, gure baliabide propioz ase behar duen herria behar dugu izan, eta garena ezeztatu nahi duten munstro mediatikoen aurrean, nazio gisa informatzen gaituzten komunikabideak dira bizirauteko ditugun baliabideak.

Gure baliabideekin izango gara eta ez bagara, ez gara ezer izango.