Maite Huarte Sobrino
Arabako Emakumeen Asanblada
KOLABORAZIOAK

Kontzebitutakoaren eta emakume haurdunaren eskubideei buruz

Lege organiko horren proiektuaren atzean zer-nolako hipokrisia eta moral-bikoitza dagoen ikusteak iraintzearekin batera matxinarazten gaitu.

Aspalditik esaten ari ziren lez, azkenean, ostiral honetan (abenduaren 20an, hain justu), Alberto Ruiz Gallardonek eta PPren gobernuak ateak ireki dizkiote honako lege organiko honen aurreproiektuari: «Kontzebitutakoaren bizitza babesteko eta, berebat, emakume haurdunaren eskubideak zaintzekoari».

Egiari zor; polita bezain esanguratsua da izenburu hori; titulu horren bidez izendatutako legeak, hain zuzen ere, jartzen ditu nasciturus (jaio gabe/kontzebitu) baten eskubideak emakumeenen aurretik. Finean, berea lortu du Eliza Katolikoaren zatirik kontserbadore bezain atzerakoi eta matxistenak eragindako presioak: hots, ezartzea Estatu bateko gobernuak, zer eta jendarte osoari, ideologiarik ultra-katolikoena; eta hori guztia, inolako lotsarik gabe, arean ere, aipatutako Estatua, bere Konstituzioaren arabera, guztiz akonfesionala delako. Molde horretara, orain, 1985eko egoerara baino atzeragokora emanarazi dizkigute urratsak.

Izugarri harritu gaitu fetuekiko PPkoei piztutako kezka latzak (beraiek «jaiogabeen bizitza» gisa plazaratzen dute). Zeharo txundigarria da hori, izan ere, egun, PPren gobernua gero eta politika erradikalagoak eta bortitzagoak ezartzen ari da, zer eta pertsonen eskubideen kontra.

Kuriosoa egiten zaigu, hortaz, horrenbeste ardura izatea arautzaile horiek gauza batzuekiko; egin-eginean, horren buruhauste gutxi sortzen dizkietenean honako pertsona hauek: esaterako, kaleratuek, langabeek, gure nagusiek, etxerik gabeek, aniztasun-funtzionalen bat dutenek, indarkeria jasandako umeek edo, zeresanik ez, Eliza edo familia nuklear bedeinkatuaren baitan abusuren bat jasan dutenek.

Lege organiko horren proiektuaren atzean zer-nolako hipokrisia eta moral-bikoitza dagoen ikusteak iraintzearekin batera matxinarazten gaitu; hain justu, pentsaera hori izan baita erakutsarazi nahi izan digutena Elizak eta jendartearen alderdi «zuzenenek» mendeetan zehar.

Adrienne Richek orain dela mende laurdena baino gehiago honako hau idatzi zuen: «Ideologia hori ezarri nahi digutenen testurik sakonena ez da mintzo bizitzaren eskubideari buruz. Ez, nolabait, sexualak izateko eskubidea izateari buruz ari da, baita sexualitatea eta ugaltzea banaturik ulertzeko eskumena edukitzearen inguruan ere eta, halaber, gure sortze-gaitasunaren kargu egitekoa gureganatzearen gainean».

Lege proiektu horren atzean, halatan, batetik, emakumeen kontrako indarkeria itzela dago. Bestetik, berriz, arau horren izenean gogor erasotzen zaio gure aldarrikapenari, preseski, erabaki ahal izateko bai gure gorputzari, bai gure bizitza sexualari eta baita geure ugaltze-gaitasunari buruz ere.

Gallardon jauna, ez gara biktimak, gure gorputzak eta gure bizitzak gureak baitira; ez dira ez Konferentzia Episkopalarenak, ez Opus Deirenak, ez zuenak. Gureak dira eta defendatuko ditugu.

Geure gorputza, geure erabakia.