GARA

4.500 euro bildu dituzte Trintxerpeko suteko kaltetuentzat

Azkueneko garbitokian pasaitarrek atzo ospatu zuten elkartasunezko ekitaldian, 4.500 euro bildu zituzten Urtezahar gaueko sutean kaltetuko herritarrentzat. Haurrentzako jolasez eta puzgarriez gain, edariak eta janaria zerbitzatzeko barra bat jarri zuten herritarren laguntza jasotzeko.

Bestalde, Galiziako Ponteceso herriko udalak kaltetutako sendiei «dolua eta babesa» helarazi nahi izan die. Udalaren webgunean ikusgai dagoen gutun batean, Oscar Manuel Rey Calo alkateordeak elkartasuna adierazi die etxerik gabe geratu direnei, aipamen berezia eginez Pontecesoko Corme herrixkan jaiotako Trintxerpeko herritarrei.

Ondorengo egunetan premiazko beharrak zehaztuko ditu oraindik ere 3035-0010-85-0101103875 kontu korrontea zabalik duen Pasaiako Udalak.