J.L.
Aizkora

Mugertza III.ak eta Larrañagak erraz lortu dute hurrengo kanporaketarako txartela

Urrezko Aizkoran Mugertza III.a eta Larrañaga dira Bigarren Mailako txapela lortzeko faborito nagusietakoak, eta atzo ez zuten inongo arazorik izan Elorrioko Gazeta auzoan, Irazabal eta Resano mendean hartu eta hurrengo kanporaketan aritzeko txartela lortzeko.

45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan ebaki izan zen egin zuten lehen lana, eta Larrañagak eta Mugertzak 51n ebaki zuten; 60 kolpetan, aurkariek. Ondoren, erlojuz kontra tamaina bereko enborra ebaki behar izan zuten, eta gipuzkoarrek minutu eta 12 segundo behar izan zituzten, segundo bateko aldea aterata. Hirugarren lanean, zutik jarritako 45 ontzakoa erdibitu behar izan zuten, eta lan hori amaitzeko minutu eta 12 segundo behar izan zuten Larrañagak eta Mugertza III.ak eta minutu eta 23 segundo, berriz, Irazabalek eta Resanok.

Laugarren lanean, 60 ontzakoa zeinek azkarrago moztu neurtu ziren, eta berriro ere gipuzkoarrak ez zieten bizkaitarrari eta nafarrari inongo aukerarik eman. Beraien lana bi minutu eta 29 segundoan amaitu zuten, eta aurkariek, berriz, 3 minutu eta 2 segundoan.

Azkenik, zeinek lau kana-erdiko azkarrago erdibitu lehiatu ziren, eta hori ere aise irabazi zuten faboritoek. 11.31 izan zen beraien bukaerako denbora, eta aurkariena, berriz, 12.39.

Egin beharreko lan guztiak amaitzeko, 17 minutu eta 48 segundo behar izan zituzten Aratz Mugertzak eta Mikel Larrañagak, eta 19 minutu eta 17 segundo, berriz, Iban Resanok, eta Aritz Irazabalek.