Maider IANTZI

Lurralde antolaketak euskarari nola eragiten dion ikertuko dute

Gai berri samar bat landuko dute Gipuzkoako Foru Aldundiak, Uemak, Kontseiluak eta UEUk elkarrekin antolatu duten jardunaldian: hazkunde urbanistikoak hizkuntzan ekartzen dituen aldaketak, bereziki euskal hiztun aunitz dituzten lekuetan. Urtarrilaren 16an eta 17an izanen da topaketa Donostian, Euskal Herriko eta kanpoko testigantzekin.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Uemak, Kontseiluak eta UEUk «Hizkuntza eta Lurraldea. Lurraldea eta Hizkuntza» jardunaldia prestatu dute hazkunde urbanistikoaren eta hizkuntza aldaketen arteko loturaz hausnartzeko helburuarekin. Datorren ostegunean eta ostiralean eginen dute topaketa, urtarrilaren 16an eta 17an, Donostian, EHUren Carlos Santamaria zentroan. Interesa duten guztiek har dezakete parte. Matrikula doakoa da eta Ueu.org-en eman daiteke izena.

Zigor Etxeburua Aldundiko Euskara zuzendaria, Maren Belastegi Uemako lehendakaria, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia eta Unai Fernandez de Betoño UEUko zuzendaritzakidea bildu ziren Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean ekimenaren berri emateko. Lehenbizikoak erran zuenez, erakunde eta instituzioek beren proiektuak herrietara eramaten dituztenean (etxebizitza berriak, azpiegiturak, zerbitzuen eskaintza...) jakitun dira bertako biztanleen bizitzan eta honen barrenean hizkuntzan eragina dutela, baina orain arte alderdi hori kontuan hartu gabe lan egin da.

Ideia honekin lotuta, UEUko zuzendaritzakideak gai hau berri samarra dela aitortu zuen. Azken urteetan hirigintzan hiru arlo «berri» txertatu direla oroitu zuen: iraunkortasuna, parte-hartzea eta genero ikuspegia. «Orain serio hartzen dira eta uste dugu laugarren gai bat ere jarri behar dela mahai gainean: hizkuntza», aldarrikatu zuen.

Arriskuak eta aukerak

Hala, hiru xederekin antolatu dute topaketa: geografiaren eta hizkuntzaren arteko harreman estuaz hausnartzea; lurralde antolakuntzak eta hirigintzak euskararen hiztun komunitatean duen eragin zuzenaz ohartaraztea; eta eragin hori kontuan har dadin martxan jarri beharreko neurriez gogoeta egitea.

Ildo honetan, Uemako lehendakariak jardunaldia 71 udalerri euskaldun biltzen dituen mankomunitatearentzat garrantzitsua dela agertu zuen, lurralde antolaketak arnasguneei edo euskaldun aunitz dituzten lekuei ekartzen dizkien aukerak eta arriskuak aurreikusteko. Azkenik, Bilbaok ekimenak 2012an Gipuzkoako Aldundiarekin eta Uemarekin sinatu zuten hitzarmenaren helburuekin bat egiten duela azaldu zuen, hau da, «udalerri euskaldunak zaintzeko, sustatzeko eta hedatzeko konpromisoarekin».