Floren Aoiz
www.elomendia.com
JO PUNTUA

Akelarrea, Zulueta...ai ene!

Mendeak pasa eta ez dut uste akelarrea denik gure herriaren metaforizazio zuzenena. Berriz, Inkisizioarenak ederki balio du espainiar erresumaren hainbat jarrera ulertu eta adierazteko

Le fanatisme parle le basque», idatzi zuen Bertrand Barere de Vieuzacek 1794. urtean. Iraul- tzaren ondotiko erregimenak ez zituen euskal kultura eta hizkuntza maite eta, adierazteko, Landetara desterratu zituen herritar aunitz. Zibilizazioaren eta progresoaren izenean, jakina: fanatismoari aurre egiteko.

Argiak versus fanatismoa, hizkuntza zabal eta aberatsak zahar eta itxien kontra, zibilizazioa basakeriaren aurka. Aspaldiko kontua da. Basati gisa agertzen dira kroniken arabera mendietatik oihuka, korrika eta lapurretan jaisten ziren baskoiak. Idazleak godo ala franko, irudia antzekoa da: zibilizatu gabeak ziren gure aitzineko horiek.

Adolfo Suarezek esan zien euskal alkate batzuei, askoz ere beranduago, euskara ez zela hainbat afera sakonetarako hizkuntza baliagarria. Batek daki nola zekien hori, euskaraz tutik ere ulertzen ez zuen gizonak, baina hori ere ohikoa da: ez da beharrezkoa zerbait zuzenean ezagutzea zibilizazioaren izenean mespretxatzeko. Izan ere, hori dakar zibilizazioaren izenean mintzatzeak. Gorentasun horrek edozertarako beta eskaintzen dizu. Hizkuntzak suntsitu, herriak okupatu, inperioak osatu, genozidioak gauzatu... Zibilizazioa goraipatuz zenbat basakeria egin diren pentsatzeak zirrara eragiten du.

Basatia, iluna, itxia, ulertezina... Hala deskribatu dute Euskal Herria mendeetan zehar. Gurea ez da lurralde isolatua, pasabide batean kokatutakoa baizik, baina berdin da, hori da munduko antzerkian egokitu zaiguna eta zaila izaten da errepartoa aldatzea.

Gauzak horrela, euskal sorginek ere mundu mailako ospea lortu dute. Zugarramurdi sorginen katedrala omen delarik, nazioartean zabaldu eta ezagututako izena eman diogu guk geure hizkuntzan sorginen bilkurari: akelarrea. Hura dena muntaia hutsa izan zen, erabat zikindu eta manipulatu zena sakonean erreprimitu nahi zutena satanizatzeko. Dagoeneko zorrotz ikertu da emakume, laborari eta oro har hizkuntza, kultura eta sentipen egituren kontrako erasoaren aitzakia izan zela sorginkeriaren auzia. Nafarroan, XVI. mendean espainiar konkistaren kontrakoen errepresiorako erabili zen, esaterako. Mairu edo judutzat hartu izanak antzeko ondorioak izan zituen, eta espainiar monarkiak eman zion mundu mailako ospea errepresio eta kontrol kultural, politiko, ideologiko eta sozialerako bultzatu zuen Inkisizioari. Euskal Herria akelarrearen metaforaz lotu bada, Espainiari Inkisizioa egokitu zaio.

Mendeak pasa eta ez dut uste nik akelarrea denik gure herriaren metaforizazio zuzenena. Berriz, Inkisizioarenak ederki balio du espainiar erresumaren hainbat jarrera ulertu eta adierazteko. Inkisidore gisa aritzen dira espainiar agintariak Euskal Herriari so egiten diotelarik. Horregatik, nonahi ikusten dituzte akelarreak.

Begirada zikinak zikinkeria atzematen du edonon. Inkisizioaren eskema erabat errotuta dago, oraingoz ere, batzuengan.

Euskarari satanizazioetarako lapurtutako beste bi hitz «eta» eta «zuloa» dira. Ez da arraroa, beraz, azken sarekadaren testuinguruan, akelarrea eta Zulueta hainbeste aipatzea.

Luzea da euskal sorginen gau iluna, zinez!