Mikel Ibarguren
Idazlea
JO PUNTUA

Itsasoa gara

Larunbatean osatutako itsaso zabal horren kresalak erabat busti gaitu. Herritarrak argi du preso eta iheslarien konponbideak gatazkaren konponbidean aurrerapausoa egitea suposatzen duela

Gure kantutegi eta letretan ez ezik, diskurtso eta mezu politikoetan ere oso metafora erabilia da itsasoarena. Itsasoari begira gaudela urrunera begira jartzen gara ia oharkabean, pentsamendua ortzemuga berrien bila abiatzen da eta geure asmo eta helburuak irudikatzeko tartea eskaintzen digu. Itsasoak bere koefizienteak, bere itsasgorak eta itsasbeherak dituen legez, herri batek ere baditu bere mareagorak eta beherak. Itsasoak ur azala eta hondalea legez, herri batek ere izaten ditu denen aurreko jarduerak edota lan isilago baten onurak. Itsasoa bare edo zakar jartzen da, eta halatsu jartzen da herri baten gogoa edo grina ere. Inoiz ez dira hain hurbil ibili itsasoaren egoera klimatologikoa eta gure herriaren egoera politikoa. Eta horren erakusle joan den larunbateko «mobilizitsasoa» izan da, non debeku eta probokazio guztien gainetik Bilboko kaleak hartu zituen.

Nahi dutena esango dute edo nahi duten bezala saiatuko dira larunbatekoa erlatibizatzen, estaltzen edo txikiagotzen, baina argi eta garbi gelditu da itsaso bat garela. Momentuz hazita eta indartsu heldu dena, baina ezarritako barraderak gainditzea falta zaiona. Hala ere, zailtasun eta gorabehera guztiekin bada ere, aurrera egin nahi duen herri baten aldarri ozena ikusi dugu, itsasoa malkoz malko ez ezik, borondatez, emozioz eta zentzu onez ere, zergatik ez esan, osatzen delako.

Ur tanta bat ez da aski itsasoa egiteko (herri bat ere ez du pertsona bakar batek osatzen), itsasoa izan dadin ur tanta askoren batura behar baita. Larunbatean osatutako itsaso zabal horren kresalak erabat busti gaitu, herritarrak argi du preso eta iheslarien konponbideak gatazkaren konponbidean aurrerapausoa egitea suposatzen duela. Eta estatuak horregatik ari direla tematzen etengabe. Gainera, presoek zein iheslariek konponbidearen parte izan nahi dutela adierazi dute behin baino gehiagotan. Honezkero inozoenak ere badaki herri honen geroa eta beraiena loturik daudela. Baina herri honi min egin nahi diote oraindik eta horretarako katebegi ahulena kolpatzen jarraitzen dute.

Oraintsu bete dira, hain zuzen ere, 25 urte presoen bakartze eta sakabanaketaren lehen «harria» ezarri zutela. Eta utzi duen arrastoa mingarria da begiratzen den lekutik (edo etikatik, nahi bada) begiratzen dela: 16 hildako, ehunka zauritu eta odoluste ekonomiko zenbatezina. Egun, oraindik ere, indarrean dagoen estrategia, Unai Fano presoaren aitak, Jon Fanok, gogorarazi digun bezala. «Ostiraletan 18.30ean abiatu eta igandetan 09:00etan bueltatu». Tartean 40 minutuko bisita baino ez. «Ba al dago eskubiderik?», galdetzen du eta galderak, egunak pasa ahala, pisu handiagoa hartzen du nire buruan.

Itsaso baten indarra erakutsi da herri baten nahia adierazteko. «Itsasoak badu memoria, badu beste itsasoen berri», izkiriatu zuen J. Sarrionandiak itsasoa esperantza-iturri ere badela oroitaraziz.

Barraderak gainditzeko asmoz osatu da itsasoa oraingo honetan. Eta osatu dugun itsaso honek beste itsaso batzuk amesteko, pentsatzeko edota gauzatzeko balio beharko liguke.

Orain itsasoa gara.

Metafora eder bat baino zerbait gehiago izan dadila.