Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Mesfidatien argazkia

Baina orduan miraria gertatu zen. Joseba Sarrionandiak «ezinbesteko antzerkitik ziurtasunik gabeko politikara» deitzen duena. Madrilen aginduz elkar astintzen egon behar zutenek deialdi bateratua egin zuten

Barikuko bazkalorduan iraganera bueltatuko ginela ematen zuen. Madrileko gobernuak, Estrasburgoko sententziak erasan dion desgastearen ondorioz indarra erakutsi behar zuen, bere kontrolpean dagoen gatazka politikoko arlo bakarraren zentralitatea blokeorako arma nagusia baitu. Ultraeskuineko biktimen elkarteak gurutzada ebanjeliko betean, ustelkeria aferez inguraturik, emakumeen burujabetzaren aurkako legeak eragindako barne gatazkaren ekaizpean... atentzioa desbideratu behar zuen.

Berez, azken hamarkadan, Lizarra-Garazi lehertu eta nazio eraikuntza prozesua atzeraka hasi zenetik, alderdi bakoitzak hartu duen paperari erreparatuta, tren arteko talkak saihetsezina ematen zuen. Batzuek «ni banoa», besteek «nik aginduak bete behar ditut», abertzaleak gure artean kolpeka, eta nazionalismo espainiarra irribarretsu.

Baina orduan miraria gertatu zen. Joseba Sarrionandiak «ezinbesteko antzerkitik ziurtasunik gabeko politikara» deitzen duena. Madrilen aginduz elkar astintzen egon behar zutenek deialdi bateratua egin zuten. Salbuespen egoera baten aurreko salbuespen neurria zela argitu zuten. Beste era batera esanda, gau batez elkarrekin oheratzeak ez duela inor maitale egiten, are gutxiago bikote. Baina ni, eta beste ehunka mila euskaldun, Bertsolari Finalean baino gehiago hunkitu ginen. Gure nazioaren biziraupenerako behar ditugun tresnak lortzeko helburuak, aritmetikaren ezinbestez, manifestaldirako deialdia egin zuten indarren elkarlan estrategikoa baitu ur, argi eta arnas.

Lehenengo aldiz, memoria politikoa dudanetik, euskal independentismoaren aurkako jazarraldi batek kostu politikoa eragin dio nazionalismo espainiarrari. Lizarrako irudiak, Katalunian autodeterminazioaren praktikari data ipini dion sektore politikoen batuketa berberak, panikoa eragiten du Madrilen. Estatu bat sortzeko besteko sinergia eragin litzake eta. Horrexegatik, hain zuzen ere, oso neurtuak eta argudio politikoz baino esaldi moralistaz beterikoak izan dira PPk eta PSOEk EAJri egin dizkioten kritikak.

Baina ez dezagun alferreko ilusiorik sortu, zapatukoa salbuespena izan zen. Lizarrako bloke politikarako baldintzarik ez da ematen, eta baliteke inteligentea ere ez izatea. Lizarra eta 2006ko bake prozesuen sintesia egin behar dugu, porrot bakoitzetik ikasitakoa profitatu. Eta Kataluniako adibideak PSErengandik zer itxaron genezakeen argitzen digun arren, sinesgogortasuna sedukzioarekin uztartzen ikasi beharko genuke. Agian, elkarkidetza baino, betorik eza nahikoa izan dakiguke eta. Konplizitate maila egoki bat lortzea, alegia.

Arrazoi dute EAJ ezker abertzalearekin ezinbestean batu dela diotenek. Baina gertakizun horretatik ondorio positibo bi ondorioztatzen ditut: EAJri murriztu zaizkiola gatazka politikoa- rekiko posizionatze marjinak eta ezinbestean etorri izanak ez duela etsaitasunik adierazten, beldurra eta mesfidantza baizik.

Gure arteko beldur eta mesfidantzak gainditu arte argazki huts anekdotikoa baino ez da izango zapatukoa. Eta ez dirudi beldurtiengana garrasika hurbiltzea ideiarik onena denik.