IKUSMIRA
IKUSMIRA

Opor fiskalak, benetako opor ordainduak

Langileen ordainsaria hamabi hilerokotan eta zenbait aparteko ordainsaritan banatzen denean, langileen oporrei «ordainduak» esaten zaie. Hitz egiteko modua da, langileen oporrak langileek ordaintzen baitituzte beren lanaz. Hala ere, bada onuradunak ordaintzen ez duen opor motarik. Benetako opor ordainduak dira, «opor fiskal» izenaz ezagunagoak badira ere. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Gobernuak 1993an indarrean jarri zituenak, hain zuzen. Bide luzea egin du opor horien salaketak Europar Batasunean, eta azkenean, badirudi Europako Batzordeak eskatutako 64,5 milioi euroko zigorra 50 milioikoa «baino ez» dela izango, EBko Justizia Auzitegiko abokatuak proposatutakoaren arabera. Alegia, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako diputazioek 50 milioi ordaindu beharko dituzte zenbait enpresaren opor fiskalak direla eta. Negozio ederra egin zuen EAJ eta PSEren Gobernuak; hori bai, herritar guztien mesederako omen. Hainbatetan bezala, bakan batzuek etekinak jaso eta gehienek ordaintzean datzan negozioa. Izan ere, ez da agintari politikoek diru publikoa berena balitz bezala erabili duten lehenbiziko aldia. Euskal herrialde bakar bateko bi adibide bakarrik aipatuta, Gipuzkoako Aldundiko gobernu batek hurrengoari utzitako herentzia horren erakusgarri da: Bidegiren eta errauste plantaren herentzia. Herritarrek ordaindu beharrekoa.