Jon GARMENDIA
Entrevue
Marin Ledun
Idazlea

«Errebelatzailea izan da niretzat Jon Anzaren afera»

Informazio Zientzietan eta Komunikazioan doktorea da 1975. urtean Ardèchen (Frantziako Rhône-Alpeak eskualdea) sortu zen Marin Ledun. Hamar liburutik gora argitaratu ditu, eta baita sari anitz eskuratu ere haiekin, 2012an Beauneko nazioarteko jaialdian Grand Prix du Roman Noir kasu edo 2011ko kritikaren saria «La Guerre des Vanités» liburuarekin.

Errusieraz, italieraz, portugesez, espainolez... hizkuntza anitzetara itzulia izan da Marin Ledun. Bere azken lanak, «L'homme qui a vu l'homme» (Ombres Noires argitaletxea, 2014), Jon Anzaren desagerpen eta heriotza ditu ardatz. Donibane Lohizunera liburu hori aurkeztera heldu zelarik ukan genuen berarekin solastatzeko parada.

Nola bururatu zitzaizun liburu hau idazteko ideia?

Nobelaren ideia 2009ko maiatzean jaio zen, Jon Anzaren kasua komunikabideetan agertu zenean, kezka handiz bizi zuen familiak haren desagerpena eta haiek jarritako salaketa baten ondoren bururatu zitzaidan. Salaketa testuinguru garrantzitsu baten baitan eman zen. Preso ohi batzuek kontatzen baitzuten, taberna edo bileren irteeran bahituak izan zirela, legez kanpoko galdeketak pairatu izan zituztela. Espainiako segurtasun indarrak aipatzen zituztelarik.

Berrikitan, Frantziako hego-mendebaldean instalatua nintzen, eta prentsa nazionalak [frantsesak] oso gutti aipatzen zituen kasu horiek, baina bertako prentsak egunero aipatzen zituen gaiak ziren, nik ezagutzen ez nituenak.

Zergatik inspiratu zara Jon Anzan?

Bere laguntzagatik eskertzen dudan kazetari euskaldun batek dokumentazioa eta azalpen elementuak eskaini zizkidan. Pixkanaka, afera horren inguruan zeuden isiltasun eta itzal guneez jabetu nintzen. Frantziaren, nire herrialde denaren, alde hori ze gutti ezagutzen nuen ohartu nintzen bestalde. Eta Jon Anzaren gorpua aurkitu zuten gero, manera arraroan, 10 hilabete geroago, Tolosako «morgue» batean, eta aferak zentzu nahaspilatsua hartu zuen, ikerketan itzal guneak nagusitu zirelarik.

Zergatik gertakari erreal bat fikzio bilakatu?

Batetik, historia ofiziala dago; eta bestetik, familiak eta gertakariek agertutakoa. Eta bien arteko aldea itzela da. Niretzat, benetako txokea izan da. Frantziari aplikatu ahal zaio James Ellroy-k idatzitako «American tabloïds» obraren lehen esaldi bikaina: «Amerika ez da inoiz errugabea izan».

Praktika horiek iraganekoak zirela uste nuen. Horrek guztiak liburu hau idaztea piztu zuen: euskalduna ez den batentzat, maila ertaineko frantses batentzat, liburuko kazetari heroia den Iban Urtiz bezalako erdaldun batek, ze erreakzio izan zezakeen, legez kanpoko galdeketei buruz susmoak ukanik, bahiketa eta torturaren aurrean? Frantzian, nire herrialdean, nire begien aitzinean. Gaur. Eta nehoren alde jarri gabe. Historia hori nola kontatu? «Gizona ikusi duen gizona» fikzioa da, hasieratik bukaerara hori kontatzen du: batetik, euskalduna ez den hari praktika batzuk deskubritzea ekarriko dio, eta finean, gu guztiok ukitzen gaituen afera bat da, nahiz eta gaur egun ez den posible erratea zer gertatu zen 2009an; bestetik, emazteak eta gizonak, bi kazetari, mertzenarioak eta desagertuaren arreba, sekretuaren kontra borrokatzen direnak, krimena izan den edo ez ulertzeko. Jonen kasua ezagutu nuenetik nobela beltz baterako gaia neukala ohartu nintzen (eta ez nobela militantea). Eta lanean jarri nintzen: makina desmuntatu, begirada «nobeleskoa» jarri, ahal zenik eta argien, benetako gertakarien ikerkuntza eginaz; nolabait definitzeko: denoi eragiten digun benetako gertakariak jakin, bizi garen jendarteaz eta beren historiaz hitz egiten digutelako.

Pentsatzekoa da ikerkuntza lan handia eskatuko zizula liburuaren idazteak...

Gaia ez dut aski ezagutzen gaur egun ere, baina egia da anitz irakurri eta solastatu naizela aferaz -eta segitzen dut egiten-. Neure buruarekin haserre egon nintzen garai batean, nola egon ote nintekeen hain itsu pentsatuaz, halakorik gertatzen zela susmatu ere ez bainuen egiten.

Beste elkarrizketa batean azaldu dudan bezala, «L'homme qui a vu l'homme»-ren estruktura landu dut nobela beltzaren eskema klasiko baten arabera: nobelaren zinezko heroia ikusten ez dena da. Absente baina bere gabeziagatik omnipresentea nobela osoan zehar. Non da Jokin Sasco? (Jon Anzaren ordez liburuko protagonistarentzat baliatu dudan izena). Leitmotiv-a da. Hori da nobelako protagonistek beren buruari egiten dioten galdera, bai Eztia Sasco haren arrebak, bai Iban Urtiz eta Marko Elizabe desagertzeari buruz ikertzen ari diren kazetariak.

Jokin Sasco, Dashiell Hammett-en «Aurkiezina» («L'introuvable») da. Argira eman behar da ezkutuan den egia, makinaren funtzionamendua ulertzeko, gordea-ezkutatua den egia argira eman behar da. Pertsonaia desberdinen arteko harreman nabarmena da. Nobela horrela hasten dut, gertakari batekin, bahiketa eta tortura eszena batekin. Eszena hori gerta zitekeen. Helburua, lehen lerroetatik, irakurlea tentsiopean jartzea da: begira, entzun, hauek dira gertakariak, eta begira ondorioak: giza baldintza, desesperazioa, boterea, krimena, dirua, konpromisoa, herrialde baten historia, herri batena eta horren barnean borrokatzen direnak, haragiz, odolez eta emozioz egindako nire pertsonaiak.

Eta idatzi baino lehenago Jon Anzaren hurbilekoekin egon zinen?

Hasieratik ene deliberoa izan da Jon Anzaren aferako protagonistarik ez ezagutzea. Ez behintzat nobela argitaratu baino lehen. Nire proiektua fikzio bat idaztea zen, eta ez egiazko istorioa kontatzea. Nire lana nobelistarena da, ez kazetariarena. Baina Jon Anzaren senideak ezagutu ditut gero, liburua argitaratu eta hiru egun beranduago. Nire proiektua azaldu nien, nire desmartxa, lan egiteko manera, idazkera prozesuaren nolakotasuna eta zergatia.

Garrantzitsua izan da liburuaren aurkezpenean Jon Anzaren hurbilekoak bertan izatea (elkarrizketa hau egin den 5eme Art Donibane Lohizuneko liburu-dendan) eta galderak egin dizkidate. Animatu naute, nobela horrek beraientzat zer adierazi zezakeen azaldu didate. Haien presentzia inportantea zen niretzat, eta uste dut haientzat ere hala izan dela. Nobela hau luzaz ukanen dut memorian grabatua.

Liburua idatzi aitzinetik ezagutzen al zenuen Euskal Herria, eta bere arazo politikoa?

Aipatu izan dut 2009. urtera arte karta postala zela enetzat Euskal Herria, biziki gaizki ezagutzen nuen, bai bera eta bai bere historia. ETA, IK eta GALen historiaren lerro handiak ezagutzen nituen, baina oso azalekoa zen, superfiziala zeharo. Niretzat, Jon Anzaren afera gertaera batzuen ulertzeko gakoa izan da, alde horretatik, errebelatzailea izan dela erran nezake.

Euskaraz argitaratzeko asmorik baduzu? Edo bestela berriz, beste hizkuntzaren batean?

Intentzio hori daukat. Nire argitaletxea hori lantzen ari da, baina batez ere Espainian, eta espainolez argitaratzeko noski.

Zein da etorkizun hurbilari eskaintzen ari zatzaizkion proiektua?

Bigarren nobela batekin segitzen dut, 2015ean argitaratzeko ideiarekin, eta «L'homme qui a vu l'homme» liburuko tematikarekin segituko dut ikerkuntzan, han, «Non da Jokin Sasco?» zen galdera. Hurrengoan «Nork pagatzen du?» izango da; hau da, terrorismoaren kontrako gerra nork finantzatzen du, ze preziotan, zeren legalitate pean? Esploratzeko gaiak: emazte eta gizonen istorioak, demokrazien funtzionamendu eta disfuntzioak, mekanika horren erdian dagoen krimena. Nobelaren bukaeran, Jokin Sascok dioen bezala, istorioa ez da tamalez heriotza batekin amaitzen. Jakin beharko da nork ordenatzen dituen itsuskeria horiek, nork antolatzen dituen, nola finantzatuak diren, nork ematen duen argi berdea, beldurraren enpresa horren adarrak deskribatu (forma guztietakoak: ultra-seguritatea, salbuespenezko legeak, mertzenarioak, eta abar...).

Euskal gaiak inguratzen dituen mekanika politiko eta juridikoak aztertzea da ene intentzioa. Hainbeste dago egiteko. Bizitza osorako idazkera proiektu bat izan daiteke. «L'homme qui a vu l'homme» istorio honen lehen urratsa da. Segidak izanen dira. Asko idatzi izan da, baina hala ere, inoiz aski ez delarik.

2013an argitaratutako François Sureau-k idatzitako «Le chemin des morts» liburua dago [GARAn egin genion elkarrizketa hari] eta nobela beltza bezala irakurri daiteke hura, lehenago, 90eko hamarkadan argitaratutako Hervé Le Corre-ren «Du sable dans la bouche» ere...