GARA

Milaka lagun abortuaren legearen aurka kalean

Madrilen eta Europako makina bat hiritan milaka lagunek oso garbi adierazi zioten atzo Mariano Rajoy kontserbadorearen Gobernuari ez dutela atzera egiterik onartuko abortuaren legeari dagokionez. Alberto Ruiz-Gallardon Justizia ministroaren dimisioa exijitu zuten.

Milaka pertsona elkartu ziren atzo Askatasunaren Trena izeneko ekimenak Madrilen deitutako manifestazioan, Abortuaren Lege berriaren aurka egiteko eta Alberto Ruiz-Gallardon Justizia ministroaren dimisioa eskatzeko. Ibilaldia eguerdian hasi zen, Estatu espainoleko hainbat lekutatik manifestariak iritsi ondoren. Erreforma gelditzearen eta emakumearen erabakitzeko eskubidearen aldeko oihuak egin zituzten.

Manifestazioa hasi aurretik, hainbat alderdi politiko, sindikatu eta emakumeen elkarteetako ordezkariek Ruiz-Gallardon Justizia ministroaren dimisioa exijitu zuten.

Euskal Herria ere iritsi ziren «marea morearen» arrastoak. Abortuaren kontrako lege proiektua salatu zuten 300 bat lagunek Baionan. Hogei bat elkartek deitutako mobilizazioa izan zen. 2.500 sinadura bildu dituzte Gallardon ministroaren legea gaitzesteko. Asteazkenean, sinadura guztiak Baionako Kontsulatura eramango dituzte.

Lesbianen, gayen, bisexualen eta transexualen eskubideak babesteko elkarte Les Bascosek eta Biarritzeko Alderdi Sozialistak banderolak atera zituzten.

«Dugun legea ukitzea ez dugu onartuko», esan zion Madrilen France Presse agentziari Begoña Piñero Les Comadres Asturiasko elkarte feministako eledunak. Askatasunaren Trena egitea proposatu zuen taldekoek hauxe diote: «Emakumeok libre gara eta ama noiz izan nahi dugun erabakitzeko prest gaude».

Abortuaren legea aldatu nahi dutenak, aldiz, ez datoz bat esaldi horrekin. Egun indarrean dagoen legea 2010ean onartu zuen Zapateroren Gobernuak. Haurdunaldiaren lehenengo hamalau asteetan aborta daiteke, eta 22. astera arte, amaren osasuna arriskuan badago edo fetuak malformazioak baditu.

Atzo Madrilera iritsi zen Askatasunaren Trena ostiralean irten zen Gijondik, eta Valladoliden geldialdi garrantzitsua egin zuen, PP Alderdi Popularreko kideak Batzar Nazionala egiten ari baitira bertan. Txaleko moreak jantzita manifestazioa egin zuten, tren geltokitik politikari kontserbadoreak hartzen dituen eraikineraino. Atzoko mobilizazio jendetsuaren aperitibo bat izan zen. Eta postrea, Europako makina bat hiritan egindako protestaldiak. Bordele, Marseilla, Nantes, Estrasburgo, Paris eta Tolosa izan ziren, frantses Estatuari dagokionez, mobilizazioak hartu zituzten hiriak. Londresen ere ehunka lagun elkartu ziren, Eskoziako Edinburgon bezala. Erroma, Milan, Florentzia, Bolonia eta Italiako beste hiri batzuetan ere egin ziren mobilizazioak, Dublin, Lisboa eta Hannover-en bezala. Asteazkenean 2.000 pertsona elkartu ziren Bruselan.