Jon Garmendia

Kartzelan

Ziegan sartzeko tenorea da, eta egunero bezala, eman dute azken abisua galerian. Arratseko zortziak dira, eta ateak itxi aitzin ondoko ziegako kidearekin azken hitzak trukatu ditu, bihar, patiora ateratzean, kirol pixka bat egin behar dutela oroitarazi dio; denborari joaten uzteko modu bat da izerditzearena, eta denborak urrea balio du kartzelan. Eskua luzatu dio kideak agurtzeko, eta berak besarkada batekin erantzun dio. Ziegan sartu, eta ohitura bilakatu zaizkion egitekoei eutsi die; arropak erantzi, eta dutxatu egin da. Neguan, presondegiko hoditeriak ez dakar ur berorik, udan bai aldiz; freskoa behar den garaian beroa heldu ohi da, mundu bat aldrebes, azken batean, hori baita kartzela. Fruitu lehor batzuk ahoratu, eta hala nola eskuratu dituen barazki batzuekin entsalada eder bat egin du, esku batean plastikozko sardexka hartu du eta bestean atzo jaso zituen hiru gutunetatik bat, dagoeneko irakurria du hirutan, baina laugarren aldi bateko irakurketa ukaiten du kartzelan jasotzen den gutun bakoitzak. Afalostean erantzungo dio gutunari, eta berarenganako akordua eskertuko dio jaioterriko lagunari, eta kartzelako muxuak igorriko dizkio, desberdinak direla. Giltza puntarekin atea joz kartzelariek azken zenbaketa egin dute, ea preso guztiak hor diren eta bizirik ote dauden jakiteko, hilik ala bizirik atzeman haiek berdin kobratuko dute soldata. Orain, deskantsurako garaia da, eta bere sareetan oraino harrapatu ez duen liburua hartu eta koltxoi mehean etzango da azkenik, ziegari begira lokartzeko, bere gorputzaren parte bilakatu den tokia utzi, eta loaren ametsekin libre izateko asmoz. Goizeko txirrinak jo du, pasa dira kartzelariak zenbaketarekin, eta patio ordua hasi da, eguneko lehen gauza etxera telefonoz deitzea izan da. Amarekin hitz egin du, eta zer moduz dagoen galdegin dio hark, `ondo, beti bezala', erantzun dio berak; berri txar bat duela erran dio amak, Andaluziako kartzela batean Elorrioko Arkaitz hilik agertu dela, ez dakitela ezer gehiago. Telefonoa eskegi, eta amorruak hartu dio gaina, negarrak, saminak. Ziegako paretan duen olerkia oroitu du gero:

«Familia baten mina, lagunena, herri batena, aberriarena, hori da kartzela».