ZINEMA

Zinebi jaialdiaren 56. edizioan izena emateko epea zabalik da

Zinebi Bilboko zinema dokumental eta film laburren 56. nazioarteko jaialdia prestatzeko lanak hasi dira jada, eta horretarako, zabalik dago aurten azaroaren 14tik 21era izango den edizioan parte hartu nahi duten fikziozko eta animaziozko filmak eta dokumentalak aurkezteko epea, abuztuaren 15era arte. Lanek 45 minutuko iraupena izan behar dute gehienez ere, eta atzerrian zein Estatu espainolean 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera ekoiztu diren lanak izan beharko dira, antolakuntzak jakinarazi duenez. Filmen izen-ematea ekoizleek edo haien lege ordezkariek egin beharko dute. Formularioa, lanari buruzko informazio osagarria eta filmaren kopia bat (DVD formatuan edo plataforma digital bitartez) bidali beharko dira posta helbide honetara: Colon de Larreategui kalea, 37 - 4. esk. 48009 Bilbo. Horrez gain, zinemaldiaren webgunearen bitartez ere bidali ahal izango dira: www.zinebi.com.