Maider IANTZI
OSTEGUN GIZENA

Nafarroako bandera handi bat zabaldu dute Tolosan, Barcina seko aztoratuz

Desberdin ernatu zen atzo Euskal Herriko txoko ugari, ostegun gizenaren kolore eta ezaugarriekin. Zer erranik ez Tolosa. Hemen txupinazo berezia izan zuten, gonbidatuaren parekoa: Yolanda Barcina. «Arrantzaleek» dantzan jarri zituzten haren udaltzainak eta besta gosez zen plaza.

Zapi gorria atera eta «pamploneses, pamplonesas» oihuka hasi zenean txistuka lehertu zizkioten belarriak. «Barcina, Tolosan gaude-eta!». Ezustean, balkoi batean arrantzale bizardunak agertu, eta kanaberen laguntzaz Nafarroako bandera erraldoi bat zintzilikatu zuten udaletxe aitzinean: «Kabi Alai 1934. 80. urteurrena» jartzen zuen. Kabi Alai elkartea txupinazoaren antolatzailea da; udal gobernu paraleloa osatzen du urtero ostegun gizenean.

Atzo Juan Ortega Kanu eta Josetxo Guiu (Kanu eta Guiu) koinatuak izendatu zituen Inauterizale Kuttun, 37 urtez umore ona zabaltzeagatik. Bikote honek piztu zuen suziria, plaza betetzen zuten herritarrak saltoka hasteko gogoari ezin eutsi zeudela. Yolanda Barcinak bizardunak harrapatzeko agindu zien udaltzainei eta bandera kendu arte ez zela jairik hasiko egin zuen mehatxu. Baina segituan jaso zuen erantzuna: «Inauteriak ez dira ez ezerengatik ez inorengatik gelditzen».

«Gora ostegun gizen! Gora inauteriak! Gora Euskal Herria! Gora Tolosa!» ohiturazko oihuekin batera serpentina eta globoak aireratu ziren, baita adin guztietako jendea ere, bereziki koloretako txilaba edo buzoak jantzitako gaztetxoak, gorputzak libre utziz.

Eskuak altxatu eta airean mugituz jarraitzen zuten Ostegun Gizen, Pintxana eta Kabi Alai txarangen erritmoa, irribarre zabal batekin. Pregoi-parodia guztia gor-mutuen hizkuntzan ere eman zuten balkoitik.

Txikienak balkoietatik botatako goxokiak biltzen ari zirela, txarangekin kalejiran abiatu ziren gazte eta zaharrak, lagunei bizkarretik helduta. Mutiko bat kuadrillakoek bizkarrean altxatuta eta besoak zabalik zihoan, pozez ezin kabitu. Ostegun gizeneko txerria ere dantzan ibiltzen zuten lepo gainean.

Txorizo jana

Batzuk kalejiran eta bertzeak txorizoa jatera joan ziren, eguneko janari tipikoa baitzen. Tabernetan tortillan edo pintxotan zerbitzatzen zuten eta etxeetan ere patatekin edo bertze osagairen batekin nahastuta jan zuten. Arco Iris elkartera zihoazen txorizoa jatera Miguel Mari eta Maite Iraola aita-alabak, besotik helduta.

92 urterekin, bizirik dagoen elkarte honetako sortzaile bakarra da Miguel Mari, 50 urtez izan da bertako txarangaren zuzendaria eta omenaldi polita jaso zuen atzo. Ostegun gizeneko txerria etxera joan zitzaion goizean. Bosgarren pisuan bizi da eta lanak izan zituzten igogailuan sartzeko. Omendua balkoira atera eta txarangak berarentzat jo zuen.

Gero, elkartean txorizoa jan eta txupinazoa ikustera. Eta gauean, afaria, Arco Iris-en lagunekin. Koloretako oihalak jantzita, Miguel Mari kontent ikusten zen, inauterietarako gogorik galdu gabe. «Galtzaundi» da gehien gustatzen zaion kanta.

Garai zaharrak oroituz, danborra jotzen zuen lagun bati behin instrumentua puskatu eta negar batean hasi zela kontatu zuen. Inauteriek duten garrantziaren seinale.

Alabak, aldiz, bi proposamen egin zizkigun hurrengo egunetarako. Astelehenean, 12.30ean, Asteasuarra tabernan agertzeko erran zigun, nagusiak ezusteren bat ematen baitu beti, toreroz jantzita. Igandean, 21.00etan, Correo kalean tronpetari bat balkoira igo eta lehenengo pisutik «Paquito chocolatero» jotzen duen unea ere ederra dela adierazi zuen.

Maitek Iruñean egiten du lan eta aitarekin elkartean pixka bat egon eta buelta egin behar zuen. «Larunbatetik aurrera bai, hemen geldituko naiz», zioen irrikaz.

Zezenak eta txarangak

Tolosarrez gain, inguruko herrietako inauterizaleak ere bildu ziren atzo; aunitz ikastetxean jai hartu zuten gaztetxoak ziren. Alaia eta Maddi, adibidez, Alegiako Aralar Ikastolatik etorri ziren, buzo gorria soinean. Txarangaren atzetik ibili, ogitarteko bat bazkaldu eta zezenetara joateko plana zuten. Zezen plazatik saltoka Alde Zaharrerako bidea egin eta gauez parrandan segitu behar zuten. Amona Tolosakoa dute eta bere etxean egin behar zuten lo.

Gazte hauentzat, zezenak eta txarangak dira jai hauen bereizgarri nagusiak. Bi elementu horien inguruan «sekulako giroa» sortzen da. Bi neskek aurpegian islatzen zuten ongi pasatzeko gogoa, herriko kaleetan gora eta behera poteatzen zebilen bertze lagun ugarik bezala.

Izaskun Nuñez Hilario kalejiran zihoan Monika alabarekin eta Ane bilobarekin batera, euritik babesteko zira jantzita. Azaldu zuenez, txilabaren bat jarriko dute baina tolosarrak ez dira igandera arte mozorrotzen. Izaskunek ez daki horren zergatia: «Ohitura da». Oroitzen du lehen txarangak bai baina gainerako jendea ez zela mozorrotzen eta azken hogei urteko kontua dela zerbait berezia janztea.

«Egunak falta zaizkit!»

«Egun batean ijitoz aterako naiz San Frantzisko kalean gauzak salduz, beste batean pailazoz, bestean agian haurrez, patinete batekin... `Sevillana' jantzia ere badut, valentziarrarena, kantinerarena...», hasi zen ahots goran pentsatzen. «Egunak falta zaizkit!», bota zuen azkenik. Hainbertze mozorroren artean ezin aukeratu zebilen. Denak jantzi nahi.

Anerekin zezen ttikiak ikusi eta barraketara joateko asmoa zuen arratsaldean. Eta gauez, koinatekin atera behar zuen. «Oso gau polita izaten da. Denak herrikoak izaten gara». Agertu zuenez, elkarte guztiek dute beren txaranga eta afaldu ondotik denak ateratzen dira. Txaranga trafiko handia espero zen, beraz, atzo gauerako. Denen musikak nahastu izanen ziren kaleetan.

Izaskunentzat, bertze momentu berezi bat igandeko desfilea izaten da. Jakinarazi zigunez, azkeneko urteetan bikote aunitz ateratzen da bertan seme-alabekin, adibidez supermerkatuetako karro baten gainean jarrita.

Izaskuni gutxi iruditu arren, Tolosan bost egun dituzte oraindik aurretik gozatzeko.