Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Bodyboard | WORLD BODYBOARDING TOUR

Ben Playerrek irabazi du munduko bodyboard itzuliko lehen proba

Iazko munduko txapeldunak irabazi du 2014ko munduko bodyboard itzuliko lehen txapelketa, Pipelinen.

Ez ziren itzelezko baldintzak izan Pipelineko urautsian txapelketak iraun zuen artean, baina eguraldi iragarpenak haizeteak zetozela esaten zuen, eta eguraldiak okerrera egin aitzin txapelketa egitea erabaki zuten antolatzaileek. Gauzak horrela, olatuen kalitatea alde batera utzita, APB taldeak antolatutako munduko lehen txapelketa arrakastatsua izan dela esan daiteke.

Izan ere, kontuan hartu behar da aurtengoan mundu mailako mutilen itzulia antolatzen duen erakundea ez dela orain artean goi mailako txapelketak antolatzeaz arduratzen zen IBA erakundea, bodyboard zale profesionalek osatu berri duten APB taldea baizik.

Iaz munduko itzulia bere osotasunean egiteko izan ziren arazoen ostean, mugimendu asko izan dira bodyboard munduan, eta zenbait lehiakide profesionalek aurten zirkuituan ez parte hartzea erabaki du. Izan ere, halako baldintzetan lehiatzeak kirolarien konpromiso handia eskatzen du, baina hauek aurrera egiteko prest daudela erakusten ari dira. Zentzu horretan miresgarria da bodyboardzale profesionalak egiten ari diren lana.

IBA (International Bodyboard Association) azken urteetan mundu mailako bodyboard zirkuituak antolatzen aritu den erakundea da. Iaz ordea, krisia zela-eta arazo handiak izan zituzten zirkuitua bere osotasunean behar bezala egiteko, eta ondorioz, goi mailako lehiakide eta izen handiko bodyboard zaleak elkartu eta erakunde berri bat sortu zuten, APB izenekoa (Association of Professional Bodyboarders).

APB taldea goi mailako bodyboard txapelketak ahalik eta baldintza onenetan antolatu eta bodyboarda bultzatzeko sortu zen orain bi hilabete inguru eta azkenaldian IBA erakundearekin lanean izan dira lehen mailako munduko mutilen zirkuitua (Grand Slam Series) aurrera atera ahal izateko.

Munduko itzuli berriak World Bodyboarding Tour izena du, eta azken urteetan munduko itzulia osatu duten urautsietan egingo ditu txapelketak. Gauzak horrela, urtero bezala Pipeline izan da abiapuntua, eta bederatzi txapelketaz osatutako zirkuitua, ohitura lez, Kanaria uharteetan amaituko da aurten ere.

Pipelineko urautsia bodyboard egiteko leku bikaina da tuboak eta airekoak egiteko aukera paregabea eskaintzen baitu. Aurtengoan ere, muturreko ariketa guztiak egin ahal izan dituzte lehiakideek, haizeak lagundu ez duen arren.

Finalean lau herrialde desberdinetako lehiakideak izan ziren, eta lehen hiru postuetan, puntuetan bata bestearengandik oso gertu izan ziren. Ben Player, iazko munduko txapeldunak, finala hasi eta zazpi minutura dagoeneko ia agortu zuen lehiakide bakoitzak txanda bakoitzean har dezakeen olatu kopuru maximoa, baina halere, garaipena eskuratu zuen 16,84 puntu bildu ostean.

Bigarren postuan brasildar bat geratu zen, Uri Valadao, 16,33 punturekin. Eta hirugarren postua eskuratu zuen Spencer Skipper hawaiiarrak berriz, 16,27 puntu bildu zituen. Beraz, esan bezala, oso parekatuak izan ziren lehen hiru postuak. Laugarren postuan, 12,87 punturekin, Jared Houston hegoafrikarra geratu zen.

Alex Urangak lortutako emaitza bikaina izan zen, zumaiarrak finalerdietara iristea lortu baitzuen. Txapelketako irabazlea izan zen Ben Player australiarra, Jacob Romero hawaiiarra eta Jared Houston brasildarra izan zituen arerio Urangak, eta ongi aritu bazen ere hirugarren postuan geratu zen eta ez zuen finalerako pasea lortu. Halere, urte sasoiari hasiera emateko emaitza ona da finalerdietara iristea.