Andoni ARABAOALAZA
Mendiko eskia | Banakako eta kronoigoera lehiak

Giro eta lehia ederrak EMFren mendiko eskiko hitzordu nagusietan

Otsailaren 22 eta 23an, Euskadiko Banakako eta Kronoigoera txapelketak jokatu ziren. Nagusien mailan, bietan ala bietan Laura Solak eta Iñigo Larizek irabazi zuten. 200 eskiatzaileek eguraldia lagun izan zuten.

Euskal Mendizale Federazioak antolatutako mendiko eskiko hitzordu nagusiek, hots, txapelketek nota bikaina jaso dute. Bandres-Karolo Oroimenezko Probaren hirugarren ekitaldiak bere baitan jaso zituen Euskadiko Mendiko Eskiko Banakako Txapelketa eta Kronoigoera Txapelketa.

Lehia egunak otsailaren 22 eta 23 izan ziren. Izaba izan zen lehiakideen topagunea; izan ere, iragarpenen arabera, bi hitzordu horiek Belaguako haranean zein haren ingurumarian jokatuko ziren. Eta parte-hartzaileei dagokienez, azpimarratu behar da deialdia arrakastatsua izan zela. Bai, 200 eskiatzaile prest egon ziren bi lasterketa horietan estutzeko.

Azken urteotako beste ekitaldiekin alderatuta, jokatu berri den honetan lehiakideek eguraldia erabat lagun izan zuten. Eguzkia eta tenperatura bikainak bai banakako proban bai kronoigoerakoan. Eta hori guztia gutxi izango balitz bezala, elurraren baldintzak apartekoak izan ziren.

Ezustekorik ez

Lehen lehia, banakako proba alegia, otsailaren 22an jokatu zen. Antolatzaileek aldez aurretik aztertutako ibilbidea aldatu egin zuten. Eskiatzaileek bi ibilbide izan zituzten: A elitearentzat eta B herrikoientzat. Lehian murgildu zirenek Lakorako inguruan 16 kilometroko eta 1.600 metroko goranzko desnibela zuen proposamenean gogor borrokatu behar izan zuten.

Seniorren mailan, nesketan, Laura Solak erakutsi zuen sasoikoen zegoela, eta bigarren sailkatuari, Nahia Quincocesi lau minutuko aldea atera zion. Hirugarrena Uxue Fraile izan zen.

Mutiletan ere ez zen ezustekorik izan; izan ere, Iñigo Lariz 1:45:46 denborarekin gailendu zen. Bigarrena Javier Tirapu izan zen eta Igor Alzelai hirugarrena.

Kadeteetan, berriz, Carla Martinez de Albornozek eta Iosu Martinek irabazi zuten. Juniorretan Iñigo Martinez de Albornozek, promesetan Joanes Goitisolok eta beteranoetan Uxue Frailek eta Mikel Navarrok.

Biharamunean, kronoigoera edo erlojupekoa Linzan jokatu zen. «Paso del Caballo» izeneko igarobidera abiatu ziren; igoera neutralizatua izan zen. Ondoren, igarobide horren goialdetik (kronoak martxan jarri ziren) jarraitu zuten Chinebral de Gamuetaren gailurretik gertu amaitzeko. Guztira, 4 kilometro eta 900 metroko goranzko desnibela.

Solak berriro irabazi zuen, Quincoces eta Maite Maioraren aurretik. Eta mutiletan, Larizek, Tirapu eta Juanjo Goikotxearen aurretik. Kadeteetan, Carla Martinez de Albornoz eta Pablo Oderiz nagusitu ziren. Juniorretan, Iñigo Martinez de Albornozek txapela jantzi zuen. Egundoko lasterketa egin zuen; izan ere, sailkapen nagusian bigarrena izan zen. Beste irabazle batzuk: Goitisolo promesetan eta Fraile eta Navarro (3. sailkapen nagusian) beteranoetan.

Azkenik, Bandres-Karolo Oroimenezko Proban Sola eta Manuel Merillas nagusitu ziren.