Alvaro HILARIO BILBO

«Arrastotik atera» eta bide berriak jorratzen

Otxarkoagako ekoizpen eszenikorako berrikuntza zentroan, Harrobian, ari dira Tartean Teatroa konpainiako kideak «Pankreas» lanari azken ukituak ematen. Ia bizitza osoa daramate Telleriak eta Martinezek elkarrekin lan egiten, eta azken urteotan formatu txikiko beren lan eraginkorrak ikustera eta gozatzera ohituta gaituzte.

«Euskara sencilloaren manifestua» edota «Lingua nabajorum» arrakastatsuak izan diren arren, bide berriak jorratu nahi dituzte lagun hauek: «Nik beti eduki dut arrastotik irteteko grina, eta oraingo lan honek asmo hori betetzeko aukera ederra ematen digu», dio Telleriak.

Arraroa badirudi ere, «Pankreas» dugu Euskal Herrian bertsoz idatzia den aurreneko antzezlana, eta ezaugarri horretan datza zailtasunik handiena. Telleriaren ustez, idaztean, «arazorik nabarmenena izan da aitzindaririk, ohiturarik, ez egotea».

Hala ere, jakin izan du egileak tradizio ezari buelta ematen: «Pixka bat asmatu egin behar da eta beste tradizioetatik datozen moldeei begiratu ea beste kulturetan nola egin duten, gurera moldatu ahal izateko. Euskal bertsogintzan dagoen tradiziotik zeozer erabili dut, baita atzerriko moldeetatik datozkigun ohitura eta jakinduria ere. Alde horretatik, Espainiako literaturaren Urrezko Aroko eredu batzuk zein irizpideak kontuan izan ditut».

Hala ere, martxoaren 12an eta 13an Arriagan ikusgai izango den lan honen gaiak XXI. mendekoak dira: bizitza eta heriotzaren balioa, zentzua. Patxo Telleriaren aburuz, «uneoro gabiltza bizitzarekin eta heriotzarekin jolasten, bertan laguntasuna, elkartasuna, besteen aldeko sakrifizioa egitea ala ez, bakoitzaren gezurrak eta egiak sartzen direlarik. Horiek guztiak jorratzen ditugun arren, ez dugu tesi bat defendatzen: gezur-haragizko hiru gizaseme ditugu, muturreko egoera batean daudenak. Azken batean, guztiok ditugun beldurrak eta nahiak plazaratu nahi ditugu tragikomediaren bidez».

Ildo beretik mintzo da obraren zuzendaria, Jokin Oregi: «Adiskidetasuna ere aipatzen da, baita adiskidetasun antza duten norbanako miseriak ere; nola kudeatu behar diren miseria horiek adiskidetasunari eusteko edo, beste modu batean esanda, adiskidetasuna non oinarritzen den».

Estreinakoa Arriagan egitea bada edonor beldurtzeko modukoa, are gehiago, Oregik esaten duen lez, «bertsotan eta tragikomedia izanik». Hala ere, ez daude urduri: «Beste gainontzeko lan guztiak bezala, hau ere osatuko da publikoaren aurrean, baina egia da ondo prestatuta dugula, garaiz iritsiak garela eta bertsoak ondo ikasita», azaltzen du Joseba Apaolazak.

Josebarekin bat eginez, Mikel Martinezek aitortzen du beharrezkoa dutela probak egitea ikusleak aurrean izanik: «Jakin behar dugu, zehatz-mehatz, zelakoa izango den ikusleen erreakzioa obraren une bakoitzean ezusteak ekiditeko; horretarako, pase txiki batzuk egiten ari gara; dena dela, ezusteko bat egotekotan, inprobisatu egingo dugu».