Estibaliz Ezkerra
Literatur kritikaria

Fikzioa, politika eta etika (I)

Fikzioa idaztera itzuli egingo dela iragarri du asteon Arundhati Royk. «The God of Small Things» (Gauza txikien jainkoa) nobelaren egileak urteak zeramatzan fikziozko lanik sortu gabe, bere indar guztiak bestelako idazketa mota batera bideratuak baitzituen. Indiako politikagintzan eragin zuzena izan nahi zuen idazketa mota zen hau, ez-fikziozko saiakera moduan deskriba daitekeena.

Fikziozko lanei esker lorturiko ospeak ez-fikziozko lanen harreran eragina izango zutela uste zuen orduan. Alegia, bere iritziekin erabat ados ez egon arren, fikziozko obretan errealitatea, hots, Indiako egungo arazoak deskribatzen eta haien gainean gogoeta eskaintzen erakutsitako trebetasunagatik bere herrialdeko agente politikoek jarrera ulerkorragoa eta malguagoa erakutsiko zutela pentsatzen zuen.

Baina ez politikariek ez «The God Small Things» indiar letra garaikideetako maisulanetako bat izendatu zutenek ez zuten Royren maniobra ulertu. Bere ez-fikziozko lanek ez zuten irakurle zabalik lortu jaioterrian; aitzitik, Indian baino gehiago Mendebaldeko talde ezkertiarren artean egin ziren ezagun fikziozko literatur epearen osteko bere testuak.

Royren arabera, genero batetik besterako jauzia xedean zetzan. Hau da, fikzioak errealitatea, giza harremanen konplexutasuna ulertuta, hura xehetasunez deskribatzeko ahalmena dauka historiak ez bezala artxiboan aurkitu ez daitekeenaren gainean espekulatu dezakeelako. Zentzu horretan, fikziozko literaturak alderdi etiko bat du, baina ez du politika egiteko balio, deskribapen den aldetik ez duelako konponbiderik eskaintzen (deskriptiboa den aldetik ez da preskriptiboa).