Nerea GOTI
Entrevue
Enrique Zuazua
Matematikaria

«Matematika mundu mailako ekimena da eta funtsezkoa du elkarlana»

Humboldt sariarekin ikerkuntzan egin duen ibilbidea aitortua ikusi du Zuazuak. Maite dituen matematikei eta ikerkuntzari buruz mintzatu da Zazpika-ko Con-Ciencia ataleko kolaboratzailea, GARAren galderei erantzunez. Bere iritziz, mundu mailako zientzia sistema garatu behar dugu, eta emankorra eta orekatua izan behar du.

Zertan ari da Enrique Zuazua, zer ikertzen ari da?

Urte sabatikoan nago. Beraz, Ikerbasque eta BCAM Basque Center for Applied Mathematics-eko ikerlaria izanik (Madrilgo Unibertsitate Autonomoan zerbitzu komisioa mantentzen dut), lehen seihilekoaren gehiengoa Parisen eman dut Jacques Louis Lions Laborategian, eta bigarren honetan Tolosan (Toulouse) dihardut CIMI (Centre International de Mathématiques et Informatique) zentroko katedra bateko ekimenak aurrera eramaten.

Duela lau urte, ERC European Research Council-ek proiektu handi bat eman zigun, `Numeriwaves' delakoa, `Advanced Grant' deialdi ospetsuan. Eta urte hau dugu azkena. Beraz, aukera bikaina dut aurten han agindutako helburuak biribiltzeko. Proiektuaren gaia uhinak dira, horien hurbilpen numerikoa eta kontrola. Eta aplikazio anitzak ditu, bai industrian, bai teknologian, bai eta beste zientzietan ere. Baina, nahiz eta matematika oso indartsua izan, ezin ditu gure bizitzako arazo guztiak konpondu. Einstenek esaten zuen `Kontuan izan beharreko (garrantzizkoak diren) gauza guztiak ezin direla kontatu (zenbatu)'. Adibidez, azken bolada honetan gure kostaldean izan ditugun itsasoko olatuen kontrako ekarpenik ezin dugu egin, horien eragin eta hondamendia ekiditeko. Galileok esan zuen `Natura Matematikaren hizkuntzan idatzita dago', eta hala da baina, batzuetan, natura matematikaren gainetik pasatzen da, olatuek kaietako hormak gainditzen dituzten bezala.

Humboldt Ikerketa Sariak zer garrantzia du ikerlari batentzat eta zer ekarri dizu zuri maila pertsonalean?

Sariak beti dira ongi etorriak eta bereziki Humboldt Fundazioaren prestigioa duen instituzio baten eskutik bada. Baina honela gertatzen denean ez da pertsona batentzako saria izaten, talde edo sistema oso batentzakoa baino. Leioan ikasi nuen karrera duela 30 urte. Han eman genituen lehen pausoek gaurko sari honetara ekarri gaituzte nahi gabe, jakin gabe. Eta bidean, hainbat kide, irakasle eta ikaslerekin egin dut lan gure unibertsitatearen leloa zabalduz: `Eman ta zabal zazu'. Zoritxarrez, Espainian sortu den unibertsitate sistemaren barnean, eta gurea ere hor barruan dagoenez, nazioarteko ibilbide hauek ez dira askotan errekonozitzen. Halere, ziur nago etorkizunari begira, `Gernikako Arbola' olerkiko bertsoa den leloa barneratuago izango duela gure gizarteak.

«Sistemen kontrola» ikerketa lerroan ari zara, zer ikertzen?

Arlo hau, kontrolarena, informatika, ingeniaritza eta matematikaren artekoa da. Gure ekarpenak matematikaren eskutik egiten ditugu eta oinarrizkoak dira, beraz. Lehen esaten nuen bezala, uhinak eta beren hedapen eta kontrolari buruzkoak dira. Eta gehienbat arduratzen gaituena zera da: nola matematikak azaltzen duen uhin hauen higidura konplexu hori; ordenagailuaren bidez aurreikusi, simulatu. Ondo dakigun bezala, ordenagailua errealitatea simulatzeko erabilgarria da, baina baita ezinezkoak diren fikzioak sortzeko. Eta benetako zientzia eta teknologiaz ari garenean oso garrantzizkoa da jakitea non gauden: errealitatean edo fikzioan? Uhinak mota askotakoak dira eta, beraz, aplikazioak anitzak dira. Uhin akustikoak zarataren hedakuntzan, itsasoaren olatuak eta berauen bidezko energiaren sorrera eta ekoizpena, egitura eta eraikin handien bibrazioak, lurrikarak, eta abar.

Nabarmendu duzunez, horrek aplikazio zuzena du sare elektrikoetan, aeronautikan, baliabide naturalen kudeaketan...

Gaur egungo autoak eta hegazkinak oso isilak dira, eta oso erosoa da, horrek ematen duen segurtasun sentsazioarekin. Gaur ez genuke onartuko duela pare bat hamarkada izaten zuten zarata zahar hura. Nola lortu da autoak horren isilak izatea, motorraren zarata kasik entzuten ez dugula eta kanpoko airearekin sorturiko marruskaduraren eragina nabarmendu gabe? Sistemen kontrola dago tartean. Diseinuak hobetu dira erosotasun gehigarri hori ekartzeko. Aristotelesek esan zuen `Automatizazioak, besteak beste, gizakiaren askatasuna dakar'. Eta horretan gabiltza, naturari begira, sistemak eta beraien kontrola nola jorratu behar den ulertu nahian. Norbet Wiener izan zen zibernetika definitu zuena `abereen eta makinen zientzia' bezala. Makinak sortu, gizakien egitekoak jorratzeko, berau askatzeko. Eta matematikak sortu beharreko algoritmo berriak horretan ari dira, guzti hori ordenagailuen bidez gauzatzeko.

Humboldt sariak errekonozimendua eta lana ere emango dizu. Sariak Alemaniako ikertzaileekin lan egiteko aukera emango dizu. Zer ikertzera eramango zaitu?

Sari honetara nire kide Gunter Leugering-ek, Erlangen Unibertsitateko katedradunak, aurkeztu zuen nire izena. Eta berarekin eta bere taldearekin jarraituko dut arlo hauetan lanean. Lehendik egiten genuen lana areagotuz.

Ahalegin handiak egiten dira gazteen artean matematiken erakargarritasuna pizteko... Matematikari asko dago Euskal Herrian?

Matematika beste zientzia guztiak bezala, mundu mailako ekimena da. Edonon egiten da, eta mundu osoko matematikariak askotan elkarlanean aritzen dira, gero eta gehiago. Bakarka lantzen den arloa ere bada, baina gero eta gehiago taldean, elkarlanean, egiten da. Oro har Matematikaren osasuna oso ona, bikaina da, nire ustez. Gero eta matematika sakonagoak egiten dira, topaketa berritzaileak eta espero gabekoak gauzatuz, eta matematikak arlo askorekin elkarlanean aritzeko aukerak areagotzen ari dira egunez egun. Azken batean, Leonardo da Vincik esan zuen bezala `Ez dago ziurtasunik matematika aplika ezin deneko arloetan'. Beraz, matematikaren beharra gero eta handiagoa da. Matematikak osasun ona du eta gazteen beharra du agertzen zaizkien erronkei aurre egiteko.

Euskal Herrian badugu matematikari multzo dezente bat, bai unibertsateetan, bai Ikerbasquen eta BCAMen, baina guztien arteko koordinazio handixeagoak lagunduko luke mundu mailan proiektu sendoagoak gauzatzeko orduan.

Lehen esan dudan bezala, ordea, askotan, kontu horiek ez daude zientzialarien eskuetan, agintean dauden arduradunengan baizik. Hor dago, adibidez, Euskal Bikaintasun Doktorego Eskola Internazional baten beharra, aspalditik azpimarratuta. Baina.... Ezaguna da, errazagoa dela eguneroko urgentziak kudeatzea, benetako arazoak konpontzea baino...

Eta ikerketaren mundua, zelan ikusten duzu?

Ideia berriek ez dute mugarik. Hor daude, gorabehera, bizirik. handik hona. Gure erantzukizuna da egile edo ikusle izan nahi dugun erabakitzea.

Zer ekarri du BCAMek Euskal Herrira eta mundura?

BCAMek honako helburuak zituen: Euskal zientzia sistema osotu, nazioartean gure sistema ezagutzera eman eta sendotu, bertako eragileekin elkarlanean aritu, gure Matematika aplikazioetarantz, industriarantz bultzatu eta gazteen artean zaletasuna sortu. Neurri handi batean lehen harriak jarrita utzi genituen, baina zoritxarrez ez genuen izan lana burutzeko aukerarik, irizpide aldaketak izan baitziren gure nagusi politikoen aldetik. Nire zuzendaritza epea lau urteren ondoren bukatu zen, beste lau urteetarako egina genuen plangintza estrategikoa hedatzeko aukerarik izan gabe.

Gaur egun, lehen lau urte haietan (2008-2012) egindakoa mantentzea erronka bat da berez. Edozein kasutan, Bilbo eta Euskal Herria orain lehen baino askoz ezagunagoak dira munduan, Matematika Aplikatuaren arloan erreferentziazko zentro bat duelako, eta gure sistema osoak oso tresna polit gehigarria du. Egoitza Bilboko hirigunean egonda, gizartearekiko harremana ere asko erraztuko du, baita beste arlo eta instituzioetako ikerlariekin jorratu beharreko elkarlana ere. Beraz, bertan, Euskal Herrian, gure ondarean, BCAM dugu eta ez da gutxi. Horri aterako zaion etekina, hor inbertituriko baliabide eta indarrak benetan emankorrak izatea edo ez gure zientzia sistemaren arduradun berrien esku dago. Beraiena da orain erantzukizuna. Eta ez da gutxi. Zientzia sistema osoa, orekatua, emankorra, mundu mailakoa garatzea ez da gauza erraza eta ez da egunero agertzen diren hainbat oztopo txiki gainditzen soil-soilik lortzen.