GARA
DONOSTIA

Nazioarteko Antzerkiaren Eguna ospatu zen atzo eta zenbait ekitaldi egin zituzten gurean, horien artean, Donostia Antzerki Saria banatu zuten.

Nazioarteko Antzerkiaren Eguna ospatu zen atzo eta zenbait ekitaldi egin zituzten gurean, horien artean, Donostia Antzerki Saria banatu zuten.

Brett Bailey autore hegoafrikarrari egokitu zitzaion atzo aurtengo Nazioarteko Antzerkiaren Eguneko manifestua idaztea, eta mundu osoan zabaldu ziren bere hitzak hizkuntza desberdinetan. Euskaraz ere entzun ahal izan genuen euskal hirietan goizean zehar. Testuan «eutsiezina den Antzezpenaren izpirituari» egiten zion erreferentzia. «Gizataldetik sortua, gure ohituren maskarak eta jantziak daramatza. Gure hizkuntzak, erritmoak eta keinuak erabiltzen ditu, eta gure artean tarte bat zabaltzen du», zioen manifestuak. Bilbon, irakurketa bihurrikari talde baten emanaldiarekin tartekatu zuten, testuaren esanahiari indar handiagoa emateko. Bilbao Eszenak hamar urte betetzen dituenez, gaur berriro irakurriko dute manifestua eta Ramon Barea aktoreari (Estatuko Antzerki Saria jasoa) omenaldia egingo diote.

Arratsaldean, berriz, Donostia izan zen antzerkiaren egunaren erdigunea. Izan ere, urtero banatzen duten Donostia Antzerki Saria eman zioten Tartean Teatroa eta Ez Dok Hiru bikoteatroak ekoitzitako «Lingua Nabajorum» antzezlanari.

Gala 20.00etan hasi zen eta Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreek saria jaso ostean (10.000 euro eta Dora Salazar artistaren serigrafia bat) emanaldi berezi bat eskaini zuten. «Lingua Nabajorum» 2013an zehar ikusi ahal izan ziren beste hamabi antzezlanekin lehiatu zen eta epaimahaiak irabazlea aukeratu zuen duen «umore inteligenteari esker» publikoa hurbiltzea lortzen duelako.

Antzerkiaren Nazioarteko Egunarekin bat, SGAEk urtero banatzen dituen Max sarien finalisten zerrenda ezagutarazi zuen. Horien artean, euskal ekoiztetxe bat ere badago. Tanttaka Teatroak arte eszenikoko enpresarik onenarentzako saria eskura dezake «Soinujolearen semea» eta «Komunikazioa-inkomunikazioa» antzezlanengatik. Bitò Producciones eta Teatre Romea ekoiztetxeekin lehiatu behar izango du orain.