Amalur Artola
Entrevue
Jasone Osoro
Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria

«EIE gizarteari begira bizi den eta eraldatzen doan elkartea dela erakutsi nahi dugu»

Ander Iturriotzen lekukoa hartuta, Jasone Osoro (Elgoibar, 1971) idazle eta kazetaria da orain dela astebetetik Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria. Haur eta gazte literaturan zein helduen nobelagintzan, bietan aritu da Osoro eta, azken lanean, Txalapartarekin argitaratutako «Bi marra arrosa»-n (2009), bere haurdunaldiaren kronika egin zuen. Karguari «gogoz» eutsiko diola baieztatu du.

Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) pasa den martxoaren 22an Baionan egindako Batzar Orokorrean izendatu zuen Osoro elkarteko lehendakari. Elgoibartarrak bi urte daramatza Zuzendaritza Batzordean eta kargua onartu badu, urteotan ondoan izan dituenengan «konfiantza osoa» duelako izan dela dio. Joxemari Carrere, Pako Aristi, Cristina Lasa, Josune Muñoz, Asier Serrano eta Jon Martin izango ditu zeregin horretan bidelagun, eta apirilaren 9an egingo duten batzarrean finkatuko dituzte EIEren norabidea eta lehentasunak.

Nola jaso zenuen EIE gidatzeko proposamena?

Sorpresaz. Batzar Orokorrera eraman aurretik Zuzendaritza Batzordeak egin zidan proposamena eta, ez nuenez halakorik espero, nire lehen erantzuna ezezkoa izan zen. Ez nuen neure burua ikusten, karguak nolabaiteko bertigoa sortzen zidan. Azkenean, Batzordean nirekin hasitako askok jarraituko dutela eta, nolabait, eragilea lantaldea izango den lehendakaritza bat izango zela ikusita, animatu egin nintzen. Hau da; nahiz eta sinbolikoki edo irudi zein izen bezala ni izan lehendakaria, lan egiteko moduan oinarria lantaldea izango da, ez naiz bakarrik egongo.

Nolakoa da lantaldea?

Ikuspegi antzekoa dugu elkartea egun denaren eta izan beharko lukeenaren gainean, eta hori garrantzitsua da. Gainera, nahiko pertsona praktikoak gara eta hori ere ona da, batzuetan hausnarketa luzeegi eta sakonegietan galtzea baino garrantzizkoagoa delako gauzei adarretatik heldu eta erabakiak hartzea. Ez dut esango orain lau urte Ander Iturriotzek hasi eta garatu duen ibilbidearen jarraipena denik, baina kide askok errepikatzen dugunez jarraipen ukitu bat ere izango duela uste dut. Ez gara zerotik hasiko; jada ezagutzen ditugu elkartearen tripak, badago dinamika bat, eta hori inportantea da.

Azken bi urteetan ezagutu dituzu, zuk diozun bezala, «elkartearen tripak». Uste zenuena topatu al duzu?

Ez neukan aparteko iritzirik. Elkarteko bazkide «Tentazioak» kaleratzeaz batera egin nintzen, 1998an, eta, elkarte askotan gertatzen den bezala, nire kuota ordaindu, «Idazleak Ikastetxeetan» programan parte hartu, zerbait proposatzen zidatenean egin eta kito, hortik aurrera delegatu egiten nuen. Azken bi urteek elkartea bera zer den konturatzeko eta nola funtzionatzen duen jakiteko balio izan didate, baita gertutasun bat lortzeko ere.

Kargu berriak onartzean helburuak finkatu ohi dizkiogu geure buruari. Zeintzuk dira zureak?

Apirilaren 9an dugu lehen Zuzendaritza Batzordea eta ildo nagusiak edo, behintzat, lehentasunak hor finkatuko ditugu. Edozein modutan, badaude ardatz finko batzuk: batetik, idazlearen defentsa egitea eta bere eskubide moral eta profesionalak babestea. Idazleak bakarrik egiten du lan eta, batzuetan, «galduta» egotearen sentipena du; ez dakizu sinatzera zoazen kontratua egokia ote den edo zenbat kobratu hitzaldi bategatik, eta elkartetik irizpide batzuk ematen ahalegintzen gara. Bestetik, idazlea eta elkartea bera gizartean bistaratu nahi ditugu.

EIEk ezagutarazteko beharra duela uste duzu?

Oro har, euskal kultura bera da nahiko ikusezina eta badago Euskal Idazleen Elkartea oso ezaguna ez den sentsazioa. Komunikazioa landu nahi dugu, jendeak EIE zer den eta zer egiten dugun jakin dezan. Eta idazle berriak ere erakarri nahi ditugu.

Egun 370 bazkide inguru zarete. Ze joera dute idazle gazteek?

Badaude batzuk gerturatu direnak eta beste batzuk ez dute horren beharrik ikusi. Agian, hor bai tokatzen zaigula, elkarte bezala, idazle gazte batzuekin elkartu eta ea beraiek elkartea nola ikusten duten eta ze behar dituzten ikustea, ze iritzi duten... edo ze aurreiritzi. Ez dugu nahi elkartea zerbait zaharkitua eta oso instituzionala bezala ikustea: gertukoa da eta, gainera, idazle berriak dituen beharrei ere erantzuten ahalegintzen da, lehen aipatzen genuen indibidualismo horretatik irteteko topagune bat da. Idazle gazteak garrantzitsuak dira, baita elkartean urteak daramatzatenak ere: esperientzia dute, horien beharrei begira ere bagaude, eta belaunaldien arteko lotura egin behar dela uste dugu. Senti daitezela talde bereko kide.

Kanpora begirako zuen ekimen ezagunenetakoa «Idazleak Ikastetxeetan» programa da. Zer eragin du elkartea ezagutarazte aldera?

Elkarteak zutabe diren bi proiektu ditu, idazlearen eta irakurlearen arteko lotura emateko ezinbestekoak direnak, eta, ondo esan duzun moduan, horietako bat «Idazleak Ikastetxeetan» da. Saio dezente ematen dira, idazleak ikastetxeetan ibiltzen dira eta lotura hori bideratzen da; idazlearen boloak dira. Euren irakurleak zeintzuk diren jakiteko balio diete eta, aldi berean, irakurleek idazleak nolakoak diren ikusten dute. Industriarentzat ere ona da, liburuak saltzen direlako. «Idazleak Ikastetxeetan» mantendu eta, ahal dela, indartu beharreko programa dela uste dugu.

Zein da bigarren zutabea?

Hitzen Uberan webgunea (www.uberan.org). Berria izan arren, badu bere pisua. Oso harrera ona izan du. Kudeatzen duten kazetariak gazteak eta dinamikoak dira, uste dut eduki zein forma aldetik asmatu egin dutela eta jakin dutela modu zuzen eta egoki batean iristen irakurlearengana.

Iaz diru-laguntzekin estu ibili zineten. Egun, zein da egoera?

Ekonomiak izan du bere eragina, «Idazleak Ikastetxeetan»-eko saio kopurua jaitsi behar izan da, adibidez. Baina, zorionez, une honetan diru-kontuak onbideratuta daude eta orain ikusiko dugu aurrera begira zer gertatzen den. Ahal dela autofinantzaketaren alde egin behar dugula uste dut, diru-laguntzen menpe bizi ez gaitezen. Hori nola landu ikusi behar dugu.

Une honetan, zeintzuk dira elkartearen indarguneak?

Bazkideak. Bazkideak ez badira taldearen parte sentitzen eta ez badute taldean sinesten, nekez esan daiteke elkartea osasuntsu dagoenik. Dugun bazkide kopurua garrantzitsua da, zerbait eskatzen zaienean parte hartzen dute eta, beraz, izatekotan beraiek dira gure indargunea.

Eta ahulguneak?

Ez dakit... agian, kanpora begira izan dezakegun irudia. Nik, barrutik, ez dut hala ikusten, baina agian elkarteak zaharkitua, lar serioa eta estatikoa den aura modukoa du. Baina hori aurreiritzia edo kanpora proiektatzen den zerbait da eta, agian, geuk, gure indargune diren bazkideekin batera, hori aldatzeko lana egin behar dugu. Gizarteak ikus dezan elkartea gizarteari begira bizi dela eta etengabe eguneratzeko prest dagoela, eraldatzen doala; betiere defendatu behar duena euskal kultura eta literatura dela jakinda, noski.

Bere momentuan EIEk batzordeetan funtzionatzeko nahia agertu zuen. Zertan da hori?

Badaude batzorde batzuk, «Hegats» aldizkariaz arduratzen dena adibidez, eta bi bazkide arduratzen dira Bizkaia Irratiko «Irakurrieran» saioaz. Aurrera begira uste dut interesgarria eta oso praktikoa dela helburuak finkatu ahala lana batzordeetan banatzen joatea.

Lau urtez behin berritzen duzue kargua. Hemendik lau urtera nola ikusten duzu elkartea?

Ez dakit, baina uste dut egun bezala badago ez dela gaizki egongo. Egoera ekonomikoa bideratua dago eta bazkide kopurua igo egin da iaztik hona. Hortik jarraitzen badugu, ondo goaz.

«Hamar urte eman ditut gazte literaturan murgilduta eta, orain, helduentzat idazteko gogoz nabil»

Txalapartarekin argitaratu zenuen «Bi marra arrosa» (2009) izan da helduei begirako zure azken lana. Egun, baduzu proiekturik esku artean?

Oraintxe bertan nobela bat idazten ari naiz, helduentzat. Ez dakit noizko izango den. Nik aurten amaitu nahiko nuke baina... Horretan nabil, borrokan.

Bukatu nahi eta ezinean?

Badakizu zer gertatzen den? Beste askok bezala, batzuetan barreiatuta bizi garen sentipena dudala; alde batetik, nire bizibidea bada literaturarekin lotutakoa (hor daude saioak, enkarguzko lanak, zutabeak...) baina, bestetik, alderdi pertsonalak ere badu bere eragina, nire kasuan bi ume eta horrek suposatzen duen guztia. Orduan, batzuetan zentratzea kosta egiten da. Saiatzen naiz neure buruari diziplina bat ezartzen, eta esku artean dudan nobela hau 2014a amaitu aurretik bukatzen ahaleginduko naiz.

Gazte literaturan dezente ibilia zara, Ezekiel eta Jara pertsonaien eskutik. Biziko al dituzte abentura gehiago?

Ba, momentu honetan, ez. Ez dakit zer gertatuko den etorkizunean, agian datorren urtean Ezekiel edo Jararekin jarraitzeko gogoa izango dut, baina momentu honetan ez. Hamar-hamabi urte eman ditut gazte literaturan murgilduta eta, egia esan, oso esperientzia ona izan da; nik beti onartzen dut kasualitatez hasi nintzela eta ez nuela inondik inora pentsatzen gazte literaturako sei liburu argitaratuko nituenik, eta jasotzen ari naizen guztia oso ona da. Oro irakurle zorrotzak dira, baina baita esker onekoak ere. Eskoletan ibiltzen naizenean jarraitzeko gogoarekin irteten naiz, baina nire barruak eskatzen didana beste zerbait idaztea da, helduei bideratutakoa. Hala ere, badut JaraLive (www.jaralive.com) izeneko proiektu bat, blog moduko bat.

Nerabeei zuzendua?

Bai. Lantaldean psikologoa eta sexologoa ditugu eta webaren bidez gazteen galderei erantzuten diete, eta abar. Gazteen aldetik feedback-a izatea kostatzen ari zaigu, hori egia da, baina tira: proiektua hasi berria da eta pazientzia eduki beharko dugu. A. A.