Jon GARMENDIA Idazlea

Eskerrik asko

U metan «eskerrik asko» erraten zenuenean bezala, hala sentitu zara, aipamena inertziaz aipatuta, eta sentitzen duzuna jakin gabe, baina ozenki erran diozu saltzaileari «milesker», zuk emandako diru paperaren truke txanponak itzuli dizkizunean. Ez da xahututako diruaren minik zugan, Marion Gaumen ahotsarekin nabarmentzen den «Mesparrow», eta Cabadziren «Digère et recrache» diskoak besapean hartuta pozarren atera baitzara dendatik. Baina oroitu duzu, nola ttipitan, goxoki edo opari bat jaso, aitak edo amak beti erranarazten zizutela «eskerrik asko», eta zuk ez zenekiela eskerra zer zen, gutiago zenekiela «asko» zenbat izan zitekeen. Agian, horrela, ongi hezten ari zintuztela erakusten zioten zure gurasoek parekoari, gizartearen hobe beharrentzat prest izanen zinela handitzean. Karrikan, etxera heldu bezain laster musika entzungo duzula jakinik, jasotako «eskerrik asko» ederrenetakoa, Parisekoa izan zela oroitu duzu. Metroko Châtelet les Halles geltokian izan zen, edo Saint-Sulpicen bestela; lekuaren izena ahantzi duzu, ez gertaera. Kordak erdi hautsiak zeuzkan gitarra zahar batekin kantuan ari zen gizonak erran zizun «eskerrik asko» hura, aurrez, zuk, begirada konplize bat eskaini zenion, txanponik ez zeneukala adierazten saiatu zinen, eta irribarre gozo bat luzatu zenion; hari heldu zion gizonak, irriño hura aski txanpon bazela aipatu zizun, eta «eskerrik asko» erran zizun gero, irriño hura berari oparitzeagatik, eguneko memento alaiena une hartan sentitu zuela eta. Marion Gaume entzuten jarri zara; eta pentsatzen; zein gutxitan erraten diezun «eskerrik asko» gurasoei, bizitza eman zizutelako, hazi eta hezi; zein gutxitan hurbileko jendeari, eta zein gutxitan, zerbait berezia ematen dizuten guztiei, eta zenbatetan, eta zein erraz, trukean ezer eskaintzen ez dizutenei. Eskerrik asko, zein gutxi, eta zein asko.