Nagore BELASTEGI DONOSTIA

Janaria baino gehiago «egosiko» da A Fuego Negro jatetxean

Donostian egunean zehar dagoen kultur eskaintza zabaltzeko asmoz sortu dute A Fuego Negro jatetxeko kudeatzaileek Taskakulturkluba. Tabernan aurkezpenak, kontzertuak eta hitzaldiak prestatuko dituzte garai bateko tasketan sortzen zen giroa berreskuratzeko xedearekin.

Edorta Lamo eta Amaia Garcia anai-arrebek 2006an jarri zuten martxan A Fuego Negro jatetxea Donostiako Parte Zaharreko bihotzean. Gastronomia xede nagusia bazen ere, kulturarekiko konpromisoari ere heldu zioten. Noizean behin disko edo liburu aurkezpenak, erakusketak edota kontzertu eta hitzaldiak antolatzen zituzten jatetxean, baina orain pauso bat harago joan nahi dute, Taskakulturklub elkartea sortuta. Bihar bertan gorpuztuko da, «Tenpora» diskoaren aurkezpena egiteko prestatu duten prentsaurrekoarekin, eta datozen hiru hilabeteetako egitarauari hasiera emango dio horrek.

«Gure helburua da plaza publikora iristeko aukerarik ez duten sortzaileei aukera bat eskaintzea, bai eta gure jatetxearen antzekoak diren bestelako tabernak ezagutaraztea ere. Hemen beti egosiko da zerbait, eta ez sukaldean bakarrik», aipatu zuen Edortak.

Hasiera batean ekintzak jatetxera mugatuko dira, gerora hiriko beste hainbat lekutara zabaltzea gustatuko litzaiekeen arren; A Fuego Negro oinarri bat izango da. Ekintzak doakoak izango dira eta jatetxeak berak, noizean behin, luntx bat eskainiko du. Hala, diziplina anitzeko profesionalen topaleku izan nahi dute. «Lehengo tasketako giroa lortu nahi dugu. Bertan jendea elkartzen zen, idazleak, antzerkigileak, musikariak, eta diskoak edo liburuak eros zitezkeen. Izpiritu hori berreskuratu nahi dugu», azaldu du Edortak.

Musika, zinema, gastronomia

Emanaldi gehienak egunean zehar izango dira «gaueko ekintzei lehiarik ez egiteko. Gainera, egunean zehar ekintza kultural gutxi antolatzen dira», aipatu zuen Amaiak.

Bazkaltzeko edo afaltzeko orduarekin bat egingo ez dutenez, posible izango da jangela aurkezpenak egiteko erabiltzea. Hala, biharko ekitaldia prentsari zuzendurikoa bada ere, ostegunean bertan, 19.00etan, Xabi Gutierrez sukaldariaren eskutik lehenengo hitzaldia izango da. «Recetas sencillas» sukaldaritza aplikazioa aurkeztuko du eta asteburuan berak sortutako pintxoak banatuko dituzte.

Apirilaren 6an DJ David Navascuesen emanaldia izango da 13.00etan eta 16.00etan, eta 11n Maracas Para Dos taldea jardungo da. Apirilaren 25ean, berriz, zinema emanaldi berezi bat izango da gauerdian Axel Casas eta Ronqueteren eskutik.

Jada ekainera bitarteko programazioa prestatu dute eta www.taskakulturklub.wordpress.com blogean eta jatetxean bertan edo kalean jarritako karteletan emango dute horren berri. Guzti horretaz gain, A Fuego Negron aurkezten diren liburu edo diskoak tabernan bertan salgai jartzeko aukera emango diete sortzaileei.